HERRI KIROLAK/AIZKORA
Abenduaren 13ra atzeratu dute Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko final haundia azaroaren 29an jokatzekoa zen, baina indarrean dagoen konfinamendu perimetrala dela eta, hitzordua atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.
Antolakuntzak zabaldutako oharrean jasotzen denez, txapelketaren helburuetako bat zaleak eta ikusleak erakartzea da, eta ondorioz, atzerapenaren alde egin dute, data berrian zaleak Bilbao Arenako harmailetan egon daitezen finalaz gozatu ahal izateko, gaur-gaurkoz, ezingo lukete eta inguruko herrietako ikusleek bertaratu.
Hori dela eta, abenduaren 13ra –igandea– atzeratu dute finala eta aurreikusita zegoen bezalaxe, Bilboko Arenan jokatuko da, eguerdiko 12:00etan hasita.
Aizkolaritza modernizatzeko eta profesionalizatzeko asmoz Euskal Herriko Herri Kirolen Federaziotik aparte aizkolariek beraiek sustatutako txapelketa da Sherpa.ai. Aizkolarien eta Federazioaren artean zeuden desadostasunak tarteko hartu zuten txapelketa kirolariek beraiek antolatzeko erabakia.
Pasa den urriaren 24an, txapelketako finalerdia lehiatu zen Zestoan, non guztira hamar aizkolarik parte hartu zuten: Mikel Larrañaga , Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Julen Alberdi Txikia IV.a, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa.
Eguneko denborarik onenak eginda, final handira sailkatu ziren Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu. Sei aizkolari hauek beraz, izango dira abenduaren 13ko finalean, bertan egin beharreko lana honakoa izango delarik: lau kanaerdiko (54 ontza), lau oinbiko (72 ontza) eta 60 ontzako beste lau enbor. Hauek mozten azkarrena den aizkolariak jantziko du aizkolaritzako kategoria nagusiko txapela.
Abenduaren 13an, Bigarren mailako finala ere lehiatuko da eta bide batez lehenengo mailara igotzeko promozioa, honako aizkolariak arituko direlarik: Larrea III.a, Corchero, Jauregi, Aratz Mugertza, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai IV.a eta Julen Kañamares.
Euskal Herriko Ingude eta Lokotx txapelketak jokatu dira Abadiñon
Ingudean Gorka Etxeberria eta Karmele Gisasola nagusitu ziren eta Lokotx bilketan Ainhoa Iraizoz eta Unai Iantzi
Herri kirol jaialdia Lekunberrin, datorren igandean
Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketako finala zein jaitsiera kanporaketa eta Nafarroako arpana txapelketa mistoa lehiatuko dira
Udane Ostolazak 85 kiloko harria altxatzea lortu du, marka pertsonal berria ezarriz
75 kiloan zuen orainarte errekorra baina oriotarrak marka berria ezarri zuen, 85 kiloko harria leporatuta