HERRI KIROLAK/AIZKORA
Abenduaren 13ra atzeratu dute Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko final haundia azaroaren 29an jokatzekoa zen, baina indarrean dagoen konfinamendu perimetrala dela eta, hitzordua atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.
Antolakuntzak zabaldutako oharrean jasotzen denez, txapelketaren helburuetako bat zaleak eta ikusleak erakartzea da, eta ondorioz, atzerapenaren alde egin dute, data berrian zaleak Bilbao Arenako harmailetan egon daitezen finalaz gozatu ahal izateko, gaur-gaurkoz, ezingo lukete eta inguruko herrietako ikusleek bertaratu.
Hori dela eta, abenduaren 13ra –igandea– atzeratu dute finala eta aurreikusita zegoen bezalaxe, Bilboko Arenan jokatuko da, eguerdiko 12:00etan hasita.
Aizkolaritza modernizatzeko eta profesionalizatzeko asmoz Euskal Herriko Herri Kirolen Federaziotik aparte aizkolariek beraiek sustatutako txapelketa da Sherpa.ai. Aizkolarien eta Federazioaren artean zeuden desadostasunak tarteko hartu zuten txapelketa kirolariek beraiek antolatzeko erabakia.
Pasa den urriaren 24an, txapelketako finalerdia lehiatu zen Zestoan, non guztira hamar aizkolarik parte hartu zuten: Mikel Larrañaga , Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Julen Alberdi Txikia IV.a, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa.
Eguneko denborarik onenak eginda, final handira sailkatu ziren Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu. Sei aizkolari hauek beraz, izango dira abenduaren 13ko finalean, bertan egin beharreko lana honakoa izango delarik: lau kanaerdiko (54 ontza), lau oinbiko (72 ontza) eta 60 ontzako beste lau enbor. Hauek mozten azkarrena den aizkolariak jantziko du aizkolaritzako kategoria nagusiko txapela.
Abenduaren 13an, Bigarren mailako finala ere lehiatuko da eta bide batez lehenengo mailara igotzeko promozioa, honako aizkolariak arituko direlarik: Larrea III.a, Corchero, Jauregi, Aratz Mugertza, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai IV.a eta Julen Kañamares.
Hirugarren mailako Euskadiko Aizkora Txapelketako finala erabakita geratu da
Jokin Urretabizkaia, Julen Gabirondo, Andoni Iruretagoiena, Xuban Kañamares, Patxi Mindegia eta Suharri Paolla sailkatu dira
Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena, Nafarroako arpana mistoko txapeldunak
Bigarren izan ziren Sela Goñi eta Jesus Goñi eta hirugarren Dani Saldias eta Irune Biurrun
Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako bigarren kanporaketa jokatu da
Basozabal eta Ezpeleta sailkatu dira urriaren 17an Lizarran jokatuko den finalera