KIROLA EUSKAL HERRIAN
Abaraxka: kirol taldeentzat aterpetxe aparta
Bagenuen Azkoitian dagoen Bizilore hezkuntz aktiboaren proiektuaren berri. Baina, Azkoitian Realak eta Alavesek jokatu zuten Euskal Herria Koparen finalaren karira eskean joan ginen arte, ez genuen ezagutzen bere gerizpean sortutako Abaraxka Aterpetxea. Leku polita eta asmo ederra iruditu zaigu, eta bertako arduraduna den Urrategi Alberdirekin (Azpeitia, 1967) mintzatzen hasi eta honaino iritsi gara.
Egun on Urrategi. Real-Alaves finalaren harira ikusleen artean zozketatzeko sari baten bila etorri eta Abaraxka aterpetxearen proiektuaz hitzegiten bukatu dugu. Esan berri didazu, kirol talde ugari etortzen zaizkizuela…
Bai, egia da, asteburu honetan bertan Madrileko kirolari talde bat egon da. Eta aurretik beste dexente egonak ziren aterpetxean.
Txirringarekin itzuliren bat egiten edota besterik gabe mendian aritzeko asmoz ari diren lagun taldeak ere izan ohi ditugu.
Talde asko, inguruan dagoen kirol probaren bat egitera etortzen dira, beste asko kuadrilan… edozein motatako topaketak egiteko ere gune egokia dugu eta denetik etortzen zaigu.
Zergatik aukeratzen dute kirol taldeek Abaraxka?
Zergatik etortzen diren esatea ez dagokit niri, baina batek baino gehiagok errepikatu egin du eta horrek zerbait adierazten du.
Aterpetxeak kasik hasieratik izan du Turismo ziurtagiria. Eta hori izateko kalitatezko hainbat baldintza bete behar dira: logelen tamaina, zerbitzu amankomunak etabar.
Orain bi urte, Gipuzkoa osoan, oker ez banago behintzat, Donostiako hotel batek eta guk besterik ez dugun Bikefriendly ziurtagiria lortu genuen ere, txirindularientzat kalitatea bermatzen duen agiria alegia. Ziurtagiri hau eskuratzeko baldintza gogorrak bete behar dira eta guk betetzen ditugu, esaterako: txirringak gordetzeko guneak izatea, matxurak konpontzeko lekua eta tresneria, inguruan ibilbideak egiteko aukerak eta abar. Bertan dugu ere guztiz amaitu gabe dagoen Legazpitik Zumairainoko bidegorria.
Gainera, balio erantsi bezala gehituko nuke, saiatzen garela taldeen behar espezifikoetara egokitzen. Sarritan kirol zein bestelako taldeek ere, ordutegi edota dieta aldetik behar edo nahi zehatzak izaten dituzte, eta haietara egokitzen saitzen gara.
Bestelako taldeez aritu zara. Beste talde motak ere izaten dituzue?
Bai, edozein talde motatarako da egokia. Kirol, kultur, hezkuntz edota edozein talde motarako dela egokia esango nuke, bereziki, topaketak eta horrelako gauzak egiteko ondo prestatuak gaudelako. Areto egokiak ditugu, eta Azkoitiako erdigunetik oinez 6-7 minututara gaude, eta herriak kirol eta kultur azpiegitura onak ditu: tenis pista estaliak, frontoiak, polikiroldegia eskalada gunearekin, futbol zelaiak, udarako igerileku irekia…
Taldeaz gain, norbanakoentzat ere baditugu gela batzuk. Baina egia esan, taldeetarako gaude espezialitatuak
Agian hemendik hasi behar nuen, baina nola sortu zen proiektu hau?
Aspalditik, 2012 inguruan, gehien bat irakaskutzarekin lotura zuen guraso talde bat hezkuntzaz hausnarketan hasi zen. Horretan ari zirela, hasieran klausurako Karmeliten konbentua zena eta ondoren, familia batek erosi eta aterpetxe eta tailer bihurtua zuena, salgai jarri zen… eta 2015 urtearen bueltan, guraso talde horrek erosi egin zuen. Hartara, Bizilore hezkuntz proiektu aktiboa jarri zuen martxan eta horren gerizpean eta auzolanean lan izugarria egin ondoren, sortutakoa da Abaraxka Aterpetxea. Bizilore proiektu homologatua da dagoeneko baina gurasoek autogestionatua. Abaraxka Aterpetxea proiektu horren adar bat da, batez ere hezkuntz proiektua finatziatzen laguntzeko sortua.
Beraz, ez da ohiko aterpetxe komertzial hutsa.
Ez, esan bezala, Bizilore eskolari lotutako proiektua da eta bere baloreak zaintzen ditu. Inguru euskaldunean dago eta naturaren zainketa, genero berdintasuna, eta bereziki aniztasun funtzionala dira egitasmoaren oinarriak.
Herriari begira eta areto handi bat dugunez, nahiz eta pandemia kontu honek atzeratu egin duen asmoa, kulturgune ere bihurtu nahi dugu, musika saioak eta holakoak antolatuz, eta herriko taldeei lekua eskainiz.
Zerbait gehiago erantzi nahi duzu?.
Gehiago jakin nahi duenak, gure webgunean begira dezake (www.abaraxka.com) edo edozein zalantza argitzeko dagoen telefonora deitu. Gustura emango dizkiegu azalpenak.
Eskerrik asko Urrategi
Eskerrik asko zuei eta nahi duzuen arte.
Segurola eta Zaldua txapeldun
Oriamendi Torneoko finalean, Goikoetxea V.a eta Labakari 26-40 irabazi ondoren
Bizkaia Torneoa Nazioarteko Opena 2021 hastear da
Lehenengo jardunaldia larunbat honetan izango da eta finala berriz ekainaren 19an
Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre, finalera
Irunen jokatutako finalerdietan, 22-12 eta 22-8 nagusitu ondoren, hurrenez hurren