FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA

Hiriak iragarkiz betetzen

2017/07/30

Geroz eta gutxiago gelditzen da Euskal Herriko gizonezkoen Lehen Txapelketako finala jokatzeko. Abuztuaren 12a bertan dago eta horrela adierazten digute gure hirietan aurki ditzakegun iragarkiek.

Bi taldeak buru belarri ari dira prestatzen denboraldi berria. Athletic-ek Europa Ligako kanporaketa dauka esku artean. Bucarest-en banakako berdinketarekin amaitu eta gero, San Mamesen erabakiko da hurrengo faserako txartela. Alavesek berriz, lagun arteko mordoxka bat jokatu ditu eta oraindik ere jokatuko ditu, Valentzia inguruan egingo duen stageaz gain. Beraz, Euskal Herriko gizonezkoen lehen txapela irabaztera sasoiko agertuko dira bi taldeak Lasesarrera. Partidaren araudia itxita dago dagoeneko, eta partida berdinketarekin amaituko balitz adibidez, penaltietara erabakiko litzateke, eta talde bakoitzak 6 aldaketa egin ahal izango ditu, hori bai, 3 txandatan, hau da hiru aldaketa bikoitz egin ahal izango dira.

Gogoratu behar dugu, partidarako sarrerak salgai daudela dagoeneko Kutxabankeko kutxazain berezietan eta baita Internet bidez ere (https://tickets.kutxabank.es/ES/description/?id=10884&site=984&b=1) 5, 15 eta 20 eurotan. Dagoeneko jendea hasi da animatzen hala ere oraindik sarrerak salgai aurki daitezke. Hurrengo egunetan Athletic-ek bere takilatan ere jarriko ditu salgai, Iraultza 1921 taldeak ere sarrerak salduko ditu eta zenbait tabernetan ere erosteko aukera egongo da.