HERRI KIROLAK
Andoni Iruretagoiena eta Gorka Etxeberria nagusi Binakako III. Euskal Pentatloian
Igande honetan, ekainak 12, jokatu zen Tolosako zezen plazan III. Gizonezkoen Binakako Euskal Pentatloi finala, bertan lau bikote aritu zirelarik lehian txapelaren bila: Xabier Zaldua eta Jagoba Otaegi; Aritz Irazabal eta Bernat Amade; Gorka Etxeberria eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a; eta Aratz Mugertza eta Julen Kañamares.
Bost proba egin behar izan zituzten kirolariek: 100 kiloko bolari berrogei jasoaldi eman, giza proban 400 kiloko harriarekin lau plaza egin, aizkoran lau kanaerdiko moztu, txingekin zortzi plaza egin eta lau kilometro korrika.
Azkenean, Izeta VI.a eta Etxeberria izan ziren azkarrenak, 39 minutu eta 45 segundotan amaitu baitzituzten lanak. Gainera, iaz Andoni Iruretagoienak berak bere osaba Jexux Mari Iruretagoienarekin batera II. Mahala Binakako Euskal Pentatloi finalean egindako marka (40 minutu eta 24 segundo) haustea lortu zuten. Nagusitasunez irabazi zuten norgehiagoka, eta 40 segundotan hobetu zuten aurrez ezarria zegoen marka.
Irabazleak bigarren txandan aritu ziren, Xabier Zalduak eta Jagoba Otaegik osatutako bikotearekin batera. Gizon proba bukatuta nabarmen aurretik ziren eta aizkorarekin amaitzerako bi minutu eta 40 segundoko aldea zuten beste lehiakideekiko. Lau kilometroko lasterketan aldeak zertxobait gora egin zuen ere eta beraz azkenean garaipen argia erdietsi zuten.
Bigarren tokian Xabier Zaldua Banakako txapelduna eta Jagoba Otaegi sailkatu ziren, hiru minutu eta hiru segundora eta hirugarren Amade eta Irazabal bizkaitarrak izan ziren hiru minutu eta 39 segundora. Finaleko laukotea Mugertza III.ak eta Kañamares III.ak osatu zuten, 46 minutu eta 40 segundoko denbora egin zutelarik.
Sailkapena
1 Gorka Etxeberria eta Andoni Iruretagoiena 39:45
2 Xabier Zaldua eta Jagoba Otaegi 42:48
3 Aritz Irazabal eta Bernat Amade 43:23
4 Aratz Mugertza eta Julen Kañamares 46:40
Euskal Herriko taldeak eta selekzioa Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan
Emaitza ikusgarriak lortu ditu Euskal Herriak Ipar Irlandan jokatutako munduko txapelketan
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz nagusitu dira emakumezkoen Binakako Euskal Pentlatoian
Lanak 24.01ko denboran amaituta, bost minutuan ondu dute iaz Garazi Arruti eta Lucia Orbek lortutako marka
Euskal Herriko XIII. Bakarkako Sega Ligako azken jardunaldia lehiatu da Oiartzunen
Nagusien mailan, Alaitz Imaz hernialdetarra eta Mikel Lizartza tolosarra izan dira txapeldunak