FUTBOLA
Kepa Arrieta da Arabako Futbol Federazioko arduradun berria
Argazkia: noticiasdealava.eus
Uztailaren 23an izan ziren Arabako futbol federazioko presidentziarako hauteskundeak azkenean. Martxoan egitekoak ziren baina COVID19 gaitzak eragindako konfinamenduak bertan behera uztera behartu zuen.
Bi hautagaitza lehiatu dira. Batak Kepa Arrieta zuen buru eta besteak Antonio Reguero. 15 urtetan presidentzian egon den Pedro Solaunen ordezkatzea zegoen jokoan. Kepa Arrietaren hautagaitza izan da garaile. 46 bozka jaso ditu eta 21 Antonio Reguerok.
Federazioko Zuzendaritza Batzordearen kide berriak ere izendatuak izan dira, Arrietaren hautagaitzakoak denak: Juan Maria Lopez de Lacalle Saez de Nanclares, Koldo Segurola Ansola, Javier Garamendi Arkaute, Aitor Gonzalez Gonzalez, Ricardo Martinez Igartua, Iñigo Uriarte Manzano, Olga Jimenez Sevilla eta Jose Antonio Prieto Tricio.
Irakasle izan da orain arte Kepa Arrieta, entrenatzaile ere aritu izan da Arabako futbol talde askotan urte luzez, besteak beste Betoñon eta San Ignacion. Alavesen kirol komentarista gisa ibili da azken aldian Radio Vitoria irratian. Ondo ezagutzen ditu federazioko barrenak, izan ere, Pedro Arrieta Arabako presidente izandakoaren semea da, eta oso gaztetatik ibili da federazioaren inguruan.
Erronka handiak izango ditu Federazioan. Ohiko arazo eta erronkaz gain COVID19ak sorturiko egoeraren eraginari aurre egin beharko dio. Egun, txapelketak hasteko bi hilabete eskas falta direnean, inork ez daki ze egoeratan geratuko diren eta ze eragin izango duen futbol jarduera arruntean. Klub askok fitxei esker irauten dute, eta pandemiak eragina izango du ziur. Erronka nagusi gisa egingo diola aurre azaldu zuen, hauteskunde egungo hitzaldian.
Guztion federazioa egingo duela esan zuen. Ez dela inor soberan eta ez dela inor baztertua izango. Erabaki partekatuak hartzearen aldekoa da baina azken urteetan falta izan den lidergoa berreskuratzeko asmoa duela azpimarratu zuen. Federazioaren kudeaketa modernizatu eta profesionalizatua egingo duela eta arreta berezia jarriko diola areto futbolari eta emakumezkoen futbolari gaineratu zuen.
Ezaguna zen Kepa Arrietak oinarrizko futbolean zuen ospe ona, eta alde handiarekin irabazi zion Alavesen babesa zuen Antonio Reguerori. Euskal Herria Kirolak zorionak eman dizkio eta zorterik onena opa dio bere ibilbidean baina euskararekiko eta euskal selekzioarekiko ere konpromiso zehatzak eskatzen dizkio. Bide horretan lagun izango gaitu.
FUTBOLA
[IX.EHTxapela] Osasuna – Athletic, abenduaren 21ean
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren seigarren partida izango da
[IX.EHTxapela] Alaves – Athletic, abenduaren 15ean
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren bosgarren partida izango da
[IX.EHTxapela] Osasuna – Alaves, abenduaren 8an
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren laugarren partida izango da