HERRI KIROLAK/SOKATIRA
640 kiloko Euskal Herriko sokatira txapela jantzi dute Beti Gazteko mutilek
Pasa den larunbatean, hilaren 22an, Euskal Herriko Goma Gaineko Sokatira Txapelketako jardunaldia lehiatu zen Berangoko kirolgunean, non 640 kiloko gizonezkoen finala eta emakumezkoen 540 kiloko bigarren jardunaldia jokatu ziren.
Eguerdiko 14:00etatik 15:00etara pisaketa egin zuten eta, ondoren, 17:00etatik aurrera, txapelketa abiatu zen, hurrengo taldeek parte hartu zutelarik norgehiagokan:
Gizonezkoak, 640 kilogramo: Ibarra, Amaiur, Beti Gazte, Txantrea, Abadiño, Ñapurrak eta Zuraide.
Emakumezkoak, 540 kilogramo: Ibarra, Beti Gazte, Badaiotz, Abadiño A, Abadiño B eta Gaztedi.
Gizonezkoen 640 kiloko lehiaketari dagokionez, aurreko bi jardunaldietan bezala, tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek eta ondorioz txapela jantzi zuen. Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga, Guy Larralde (Ezpeleta), Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren. Entrenatzaile lanean Paskual Taberna aritu zen eta laguntzaile Iñigo Altzugarai.
Lesakarren ondoren Ibarra sailkatu zen bigarren postuan, Zuraide izan zen hirugarren, Ñapurrak laugarren, Amaiur bosgarren eta Abadiño seigarren.
Esan bezala, emakumezkoen 540 kiloko kategoriko bigarren jardunaldia ere jokatu zuten Berangon. Lehen jardunaldian berdindu egin zuten Beti Gaztek eta Gaztedik, baina bigarrenean lesakarrak gailendu ziren tiraldi guztietan. Gaztedi bigarren izan zen, Ibarra hirugarren, Badaiotz laugarren, Abadiño A bosgarren eta Abadiño B seigarren.
Datorren larunbatean, Bakion jokatuko dute emakumeek kategoria honetako azken jardunaldia eta Beti Gaztek puntu bateko aldea ateratzen dio orain Gaztediri: Beti Gazte 11,5 puntu, Gaztedi 10,5 puntu, Ibarra 8 puntu, Badaiotz 6 puntu, Abadiño A 4 puntu eta Abadiño B 2 puntu.
Euskal Herriko Sokatira txapelketaren egutegia
-Urtarrilaren 29an, emakumezkoek 540 kiloko azken jardunaldia eta gizonezkoen 600 kiloko aurrenekoa jokatuko dute Bakion.
-Otsailaren 5ean Erandion (Bizkaia), gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute.
-Otsailaren 12an jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko bigarrena, oraindik zehaztu gabe dagoen herrian.
-Otsailaren 19an, txapelketa mistoa (580 kilo) lehiatuko da egun bakarrean, Ibarran.
-Otsailaren 26an, azkenik, emakumezkoen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldiaz gain, gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko da egun bakarrean Ibarran.
Beti Gaztek irabazi ditu Nafarroako sokatira txapelketako lehen txapelak
Gizonezkoen kategorian (450 kilo) zein emakumezkoetan (375 kilo) nagusitu ziren lesakarrak
Martxoan jokatuko da Goma gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa
Martxoaren lehenengo asteburuan hasi (martxoak 6 eta 7) eta hil bereko azkenekoan (27 eta 28) amaituko da
Beti Gaztek irabazi ditu 4×4 sokatira lehiaketako azken bi txapelak
Lesakarrak nagusitu dira, gizonezkoen 320 kiloko kategorian zein emakumezkoen 260 kilokoan