LASTERKETAK

2021ra arte atzeratu da Gasteizeko Ironmana

2020/07/29

Argazkiak: ironman.com

Aurtengo Gasteizeko Ironmanaren edizioa bertan behera geratu da behin betiko, osasun egoeraren bilakaera dela eta

 

Hasierako data uztailaren 12a zen baina Covid19 gaitzak sorturiko egoeraren ondorioz, urriaren 11era atzeratzea erabaki zuen antolakuntzak. Probaren zuzendaritzak, ordea, ez du bideragarria ikusten data berri honetan egitea ere, eta, horregatik, 2020ko edizioa bertan behera uzteko deliberoa hartu du.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, urrian  aparteko ekitaldi bat eskaintzeko aukera egongo zela pentsatu zuten, baina zoritxarrez, pandemiaren etengabeko eta aurreikusi ezineko bilakaeraren ondorioz, eta tokiko agintarien eta  Gobernuaren jarraibideei jarraituz, Gasteizko Ironmana aurten ez lehiatzea erabaki dute.

Erabakia hartu ondoren, erregistratuta dauden atletek mezu elektroniko bat jaso zuten, izen-emateari buruzko xehetasun gehiagorekin, hala nahi duten parte-hartzaileek 2021erako izena emanda mantendu ahal izango dutelarik. Edozein kasutan, norbaitek edozein zalantza edo iradokizun antolakuntzarekin partekatu nahi izanez gero vitoria@ironman.com posta elektronikoa baliatuta egin dezake.

Halaber, antolatzaileek 2021eko uztailaren 11rako iragarrita dagoen hurrengo edizioan parte hartzeko deia egin dute.

2020koa Ironman frankiziaren izendapenarekin Gasteizen egiten zen bigarren ekimena izan behar zuen, nahiz eta aurretik triatloi probaren hamabi edizioa lehiatuak ziren.

Aurtengo probaren ezaugarriak honakoak ziren: igeriketa saioan 3,8 kilometro egin behar ziren, bizikletan 180km eta lasterketan 42,2 kilometro (hiri barruko zirkuitu bati lau itzuli emanda).

Dena den, Gasteizkoa ez da kasu isolatua, izan ere, Ironmaneko Munduko Txapelketako eta Ironman 70.3ko antolatzaileek iragarri egin dute bertan behera geratu direla bi ekitaldiak COVID-19aren pandemiagatik.

Bi txapelketak 2021ean egingo omen dira, Ironman 70.3 delakoa irailaren 17an eta 18an St. Georgen, (Utah, AEBn) eta Munduko Txapelketa Kailua-Konan, (Hawai, AEB), urriaren 9an.

Bertan parte hartzeko sailkatze probak behin eta berriz bertan behera geratzea eta bidaiatzeko dauden arazoak eta murrizketak, txapelketak antolatzeko oztopo handiak izan dira, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Bideoa: Iazko edizioaren laburpena

2019an, Ironman markapean Gasteizen lehiatzen zen lehenengo edizioan, gizonezkoetan Eneko Llanosek irabazi zuen eta emakumezkoetan Heather Jacksonek.

Eneko LLanosek zortzi ordu baino gutxiagoko denboran helmugaratu zen (7:55:16), atzetik Josh Amberger (8:06:55) bigarren eta Peru Alfaro (8:08:02)  hirugarren izan zirelarik.

Emakumezkoen Ironman lehiaketan berriz, Heather Jacksonek (8:52:10) lortu zuen garaipena, nagusitasun haundia erakutsiz. Bigarrena Nina Derron iza zen, 9:05:33ko denbora eginda, eta hirugarren postuan Judith Corachán (9:13:37) helmugaratu zen.

XVIII. Gasteiz Hiria Herri Lasterketa-2017

XVIII. Gasteiz Hiria Herri Lasterketa-2017

LASTERKETAK/GASTEIZ HIRIA   Igande honetan, urriak 5, jokatuko da Gasteizen XVIII. Gasteiz Hiria Herri Lasterketa, urtetik urtera antolatu ohi dugun herri lasterketa, kirola ere Euskal Herriaren gure nortasunarekin uztartuta bizitzeko eta sustatzeko ildoan. Ohi...