MENDIA
2021eko Mendi Tourra Donostian eta Zangotzan hasteko prest
Donostian eta Zangotzan abiatuko da 2021eko Mendi Tour zine zirkuitua aforoak gutxituta baina mendiko zinemaren energia biziarekin
2021eko urtarrilak 22. 2021eko Mendi Tour zirkuitua, Mendi Filmeko pelikula onenen sorta, Donostiako Antzoki Zaharrean abiatuko da bi eguneko programazioarekin, urtarrilaren 26an eta 27an, asteartea eta asteazkena, Donostia Kultura eta Club Vasco de Camping Elkartea-CVCE-ren eskutik.
Lekukoa Zangotzak hartuko du, urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean, Karmengo Entzutegian. Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste behin Zangotzako Udalaren Kirol Patronatuak, eta haien baitan eskainiko dira aipatu proiekzioak Karmengo Entzutegian.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikula zoragarriekin osatu da bietako programazioa, beste behin. Mendizale, zinemazale, eta orohar publiko zabalarentzat gomendagarriak diren lanak dira guztiak.
MENDI TOUR DONOSTIA
10. urtez egingo da Mendi Tourra Donostian. CVCE-k eta Mendi Filmek 2012an abiatu zutena zirkuituko hitzordu aitzindarietako bat da. Tarte horretan sona handiko pelikula eta protagonistak aurkeztu dira Antzoki Zaharreko pantailan: Cholitas emakume mendizale boliviarrak, Tommy Caldwellen The Dawn Wall, Jeff Lowe-ren Metanoia, Freedom Underload Tatra mendietako zamaketariak, Yosemiteko eskalada historiaren Valley Uprising, The Swiss Machine Ueli Steck-ena, Cerro Torre David Lamarena, Jurek Jerzy Kukuczkari buruzkoa…
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioan nabarmendutako 5 pelikula proiektatuko dira aurten. Horietatik 3 sarituak izan ziren joan zen abenduko Mendi Filmen, eta Mikel Sarasola kayaker eta dokumentalistak ‘etxean’ The Tears of Shiva estreinatu eta aurkeztuko du.
Sarrerak Antzoki Zaharreko leihatilan daude salgai, saio bakoitza 6 euroan. 18:45ean hasiko dira saioak, eta aforoa mugatua izango da.
MENDI TOUR ZANGOTZA
Zangotzan ere ibilbide oparoa du Mendi Tourrak, aurten 8. edizioa, eta Karmengo Entzutegira bertaratuko direnek badakite jada mendiko zinemagintzarik onenaz eta berrienaz gozatu ahal izango dutela.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioan nabarmendutako 5 pelikula proiektatuko dira hemen ere. Horietatik 3 sarituak izan ziren joan zen abenduko Mendi Filmen. Azpimarratzekoa da, Nafarroan lehendabiziko emanaldia izango duela Arriesgarse a Vivir pelikulak, alpinista ezagunak tarteko direla: Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Juanjo San Sebastian, eta Nives Meroi eta Romano Benet.
Sarrerak Karmengo Entzutegiko on-line plataforma bidez eskuratu daitezke, saio bakoitza 3 euroan. 19:00etan hasiko dira saioak, eta aforoa mugatua izango da.
Skyrunner World Series Zirkuituaren egutegia aurkeztu dute
Egutegiko hamahiru proben artean, irailaren 26an jokatuko den Gorbeia Suzien lasterketa dago, Euskal Herrian egingo den bakarra
Zegama-Aizkorri mendi maratoia, ekainaren 6an
2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan ostean, datorren urteko data zehaztu du lasterketaren antolakuntzak
MENDIAN GORA erakusketa ikusgai
Euskal Herriko mendizaletasunaren historiako giltzarri nagusiak gogorarazi nahi ditu