TXIRRINDULARITZA

2021ean ez da Itzulia Women lasterketarik egongo

by | 2021/02/23

Argazkiak: itzulia.eus

Hasi berria dugun 2021. urte honetan egitekoa zen Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliaren aurreneko edizioa baina antolakuntzak jakitera eman duenez azkenean aurten ez da lasterketa egingo eta hurrengo urteari begira jarri dira dagoeneko lanean.

Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikaren antolakuntzako kideek Itzulia Women delakoa egin ahal izateko buru belarri aritu dira azkeneko hilabeteotan. Anbizio handiko proiektua da eta 2019an egin zen Emakumezkoen Donostiako Klasikoaren oinordeko gisa sortu zen.

Antolaketatik, hala ere, maiatzaren 14tik 16ra bitartean lehiatu behar zen Itzulia Womenen lehen edizioa bertan behera utzi behar dutela aditzera eman dute, halabeharrez. Itzulia Womenen ideia Emakumeen Klasikoa oinordetzan hartzea zen, izan ere, Klasikoa egoera estuan zegoen Frantziako Tourrak iragarria zuelako Emakumeen Tourra data berean izango zela. Horregatik, izugarrizko lana egin da hitzordua egutegian mugitzeko eta egun kopuruan luzatzeko, Itzulia Women sortuz. Hala ere, aurten azkenean ez denez Emakumeen Tourra jokatuko, Emakumeen Klasikoari eutsi egingo diotela azaldu dute.

Beraz, Donostia San Sebastian Emakumeen Klasikoa bai egongo da 2021ean. 2019an bezala egingo da, gizonezkoen probaren egun berean. Ibilbidearen zati bat partekatuko dute baina baliteke aurreko edizioarekin alderatuta aldaketak egotea. Ororen gainetik noski, COVID19 gaitzak eragindako pandemiari aurre egiteko protokoloak eta neurriak zorrotz beteko direla gaineratu dute antolatzaileek.

Itzulia Women probaren 2021eko edizioa bertan behera utzi arren, antolaketa lantaldea baikorra da eta 2022an antolatu ahal izateko esperantza mantentzen du, Emakumeen Tourra noiz izango den berriro ere erabakia baldintzatuko duelarik.

EMAKUMEZKOEN UCI WORLD TOUR EGUTEGIA

URTARRILA

30 Cadel Evans Great Ocean Road Race AUS (Bertan behera)

MARTXOA

6 Strade Bianche ITA

14 Drenthe Itzulia NED

21 Alfredo Binda – Comune di Cittiglio ITA

25 Brujas-De Panne BEL

28 Gante-Wevelgem BEL

APIRILA

04 Flandriako Itzulia BEL

11 Paris-Roubaix FRA

18 Amstel Gold Race NED

21 Flecha Valona BEL

25 Lieja-Bastoña-Lieja BEL

MAIATZA

6-7 Tour Isla Chongming CHN

20-23 Vuelta a Burgos Féminas ESP

30 RideLondon Klasika GBR

EKAINA

7-12 Women’s Tour GBR

18 La Course by Le Tour de France FRA

UZTAILA

31 Donostiako Klasikoa

ABUZTUA

07 Postnord Vårgårda WestSweden SWE

08 Postnord Vårgårda WestSweden SWE

12-15 Norvegiako Tourra NOR

24-29 Boels Ladies Tour NED

30 GP de Plouay – Lorient- Agglomération FRA

IRAILA

3-5 Ceratizit Challenge by la Vuelta ESP

19 Tour of Guangxi CHN

TXIRRINDULARITZA

Share This