MENDI LASTERKETAK
2020. urteko mendi lasterketen egutegia zehazten hasia da
EUSKAL HERRIAN JOKATUKO DIREN HAINBAT PROBA NAGUSI HASIAK DIRA JADA LEHENENGO URRATSAK EMATEN. HORIEN ARTEAN DIRA GORBEIA SUZIEN, HIRU HANDIAK ETA BUTS ZIRKUITUA
Urtero legez, Euskal Herrian makina bat lasterketa jokatuko dira eta pixkanaka hitzordu nagusi batzuek dituzten asmoak ezagutzen hasi gara. Gorbeia Suzien probak izen-emate epea zabaldu du, Hiru Handiak lasterketa urtero egingo da eta Ultren Euskal Herriko Txapelketa maiatzean jokatuko da.
Gorbeia Suzien
Gorbeia Suzien lasterketa irailaren 27an jokatuko da eta 600 korrikalarik izango dute parte hartzeko aukera. Gogoratu behar dugu 31 kilometro eta 2.400 metroko desnibela duen Zeanuriko lasterketa Skyrunner World Series zirkuituko hitzordua izango dela. Horrela bada, Zeanuriko irteera puntuan munduko espezialista nagusietako batzuk ikusi ahal izango dira.
Antolatzaileek 125 dortsal gordeko dituzte eliteko lasterkarientzat, zirkuituko korrikalarientzat eta babesleentzat eta horrez gain, emakumeen parte hartzea bultzatuko dute. Azkenik, antolakuntzak iragarri du ere aurtengo ekitaldian lasterketa labur bat izango dela: Gorbeia Suzien 21K.
Hiru Handiak
Manuel Iradier Elkarteak eta kirol-ekitaldietan berezitua dagoen Arabako Ascentium enpresak prentsa-ohar baten bidez baieztatu zuten Gorbeiako (1.431 metro), Anbotoko (1.331 metro) eta Aizkorriko (1.528 metro) tontorrak zeharkatzean dituen probaren aldizkakotasuna aldatu dutela eta hemendik aurrera urtero izango dela.
Hiru Haundiak proba aski ezaguna da gure lurraldean, eta erreferentea ultra trail lasterketetan aritzen direnen artean ere. 24 orduz azpiko denbora tartean, Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendiak igo behar izaten dituzte parte-hartzaileek. Orotara, 100 kilometroko ibilbidea eta 10.000 metro pilatuko desnibela. Gogoratu behar dugu Hiru Handiak proba ultra trailen munduan Euskal Herrian zein espainiar Estatuan egin zen lehena izan zela. 1987an egin zuen lehen urratsa, eta, urteen poderioz, muturreko distantzian erreferente bihurtu da.
2020an, Hiru Haundiak urriaren 17an egingo da, eta izen-emateko epea otsailaren 15etik aurrera egongo da zabalik www.hiruhaundiak.com webgunean.
Basque Ultra Trail Series zirkuitua
Basque Ultra Trail Series zirkuitua ere aipatu behar dugu, aurtengo Gasteiz-Iruñea lasterketa ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria izango delako. Hala erabaki dute BUTS zirkuituak eta Euskal Mendizale Federazioak. Arabako eta Nafarroako hiriburuak lotzen dituen probak 130 kilometro ditu (6.150 metroko desnibel positiboa).
Irteera Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan izango da maiatzaren 1an (arratsaldeko zazpietan), eta korrikalariek 33 ordu izango dituzte gehienez ere ibilbidea osatzeko. Gasteiz-Iruñea probako izen-ematea zabalik da helbide honetan: www.basqueultratrail.com.
Gasteiz Hiria Herri Lasterketaren XV. edizioaren izen ematea
LASTERKETAK Gasteiz Hiria Herri Lasterketaren XV. edizioan parte hartzeko, hurrengo irudian edo azpiko esteketan klik egin. LASTERKETA HONETAN ZOZKETATUKO DIREN SARI ERDIAK GIZONEZKOEN MAILAN ETA BESTE ERDIA EMAKUMEZKOEN MAILAN BANATUKO DIRA. ZOZKETATUKO DIREN...
Elena Loyo eta Gotzon Solaegi gailendu dira Laudio Herria VII. lasterketan
LASTERKETAK 350 lagun inguruk hartu dute parte gaur goizean Laudiotik abiatu den lasterketan. 11:30etan puntutan hasi da lasterketa Lamuza parketik, eta 10km korri egin ostean, herriko plazara iritsi dira lehen lasterkariak. Adin guztietako gizon...
Gasteiz Hiria XIV. lasterketaren bideoa
LASTERKETAK Hemen duzue aurreko azaroaren 3an, Gasteiz zeharkatu zuen herri lasterketaren bideoa. Izen emateak, beroketak, irteera, korrikaldiak, helmugaratzeak, sari banaketa eta omenaldia. On egin!...