HERRI KIROLAK/HARRIA
2020 Errota Harri Txapelketa lehiatu da
Pasa den igandean jokatu zen 2020ko Errota Harri Txapelketa Iraetako Udal Kiroldegian, arratsaldeko 18:00tan hasita
Estu joan zen neurketa, 107,2 kiloko harriarekin 29na jasoaldi lortuta, berdinduta geratu zirelarik Mikel Lopetegi Urra eta Xabier Peña. Zarauztarrak kilo gutxiago dituenez, beretzat izan zen txapela.
Hain zuzen ere, Xabier Peña (Aizarnazabal), Jagoba Otaegi (Aizarna), Mikel Lopetegi Urra (Zarautz), Inhar Urruzuno (Ondarroa, Bizkaia) eta Beñat Telleria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa) izan ziren Iraetan lehiatzen; Jon Gisasola Zelai V.a (Mallabia, Bizkaia) ere deialdian zen, baina ez zen izan Iraetan azkenean.
Harri-jasotzaileak 107,2 kiloko “Errotarria” izeneko harriarekin aritu ziren eta hiru minutu izan zuten lanerako. Esan bezala, irabazlea Mikel Lopetegi izan zen: 98,5 kiloko pisua eta 29 leporatze eginda eta atzetik Xabier Peñak ere 29 jasoaldi eman zizkion harriari. Baina harri-jasotzaile bakoitzak duen pisua ere kontuan hartzen denez eta Peñak 126,2 kilo pisatzen dituenez bigarren izan zen. Hirugarren Beñat Telleria: 94,3 kilo eta 28 jasoaldi. Laugarren Inhar Urruzono: 98,3 kilo eta 26 jasoaldi. Eta bosgarren Jagoba Otaegi: denetan arinena 80,7 kilorekin, 18 jasoaldi.
Beraz, Mikel Lopetegik (Zarautz, 1997) 2020. urteari ere hasiera dotorea eman eta iaz erakutsi zuen mailari eutsi dio, urtezahar egunean Asteasuko pilotalekuan Gabonetako Harri-jasotzaileen Txapelketa irabazi zuela kontutan izanda.
Harri txikiekin ibiltzen da zarauztarra, eta 22 urterekin, birritan jantzia du Euskadiko txapela. Halaber, 2019ko Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketan ere lortu zuen garaipena, marka berriarekin gainera.
Behin Iraetako Errota Harri Txapelketa atzean utzita, beste txapelketetan ere parte hartuko du Lopetegik, baina bere helburu nagusiak Gipuzkoako eta Euskadiko hurrengo txapelketak dira.
Aldai-Orbegozo eta Espinar-Agirre, Emakume Master Cupeko finalean
Finalerdietan, 22-12 eta 22-18 irabazi diete Arrizabalaga-Gentzane Aldairi eta Ruiz de Infante-Arrillagari, hurrenez hurren
Binakako Erremonte Txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatu da
Juanenea-Larrañagak erreakzionatu dute eta Ansak eta Aizpuruk galdu gabe jarraitzen dute
Beaskoetxea eta Del Rio, Donostia Gran Slam-eko txapeldunak
Finalean, Hormaetxea eta Manzisidorri 15-9 eta 15-12 irabazita