SURFA

Zarautz Pro Surf Txapelketa airean jarraitzen du

by | 2020/04/20

Argazkiak: prozarautz

Egun hauetan Zarautzeko Surf Txapelketa jokatzekoa zen, apirilaren 15tik 19ra bitartean, baina arrazoi ezberdinak tarteko geldiunean dago momentuz

 

Koronabirusaren krisia lehertu aurretik ere erabakita zuten Pro Zarautz surf txapelketaren data aldatzea, apirilean jokatzea oso zaila baitzen munduko surf ligak (WSL) ezarritako baldintza berriekin.

Otsailaren 21ean, Katapulta Tour Gipuzkoako prentsaurrekoa baliatuz, Zarautzeko Pro Surf Txapelketa aurreikusitako datan ez zela egingo jakinarazi zen eta data berria eta txapelketari buruzko informazio guztia aurrerago egiteko asmoa zuten beste agerraldi batean helaraziko zutela gaineratu zuten.

Urtarrilean txapelketari begira aldaketa garrantzitsuak egon ziren, World Surf Ligaren aldetikan, eta ikusten zen apirilerako aldaketa guzti hoiek gauzatzeko denborarik ez zela egongo, beraz txapelketa atzeratzeko erabakia hartu zuten eta apirilean bertan ematekoa zuten beste prentsaurreko batetan aldaketaren arrazoiak eta proiektu berriaren nondik norakoak azaltzeko asmoa zuen antolakuntzak.

Gaur gaurkoz, koronabirusaren krisiak dena hankaz gora utzi du eta momentuz gauzak geldirik daude, eta oraindik denbora dagoen arren, antolakuntzako kideek argi dute egoera onera egin ezean jada hurrengo urteari begira jarriko direla eta aurtengo edizioa bertan behera utziko dutela.

Txapelketa honen aro berriaren lehen ekitaldia 2016an izan zen (aurtengoa bosgarren edizioa beharko luke) eta azken urte hauetan asko hobetu eta indartu egin dela esan daiteke.

Izan ere, surf txapelketa baino gehiago da (txapelketaren lemari jarraiki: “Pro Zarautz, surfa baino gehiago”), inguruan sortzen den giroa ederra eta kultur ekitaldiek (musika, produktuen aurkezpenak, herri kirolak, gastronomia e.a.), jaialdia ikusgarria osatzen dutelarik. Turismoarentzako oso erakargarria da, txapelketak irauten duen bost egunetan 30.000 pertsona gerturatzen baitira surfaz eta giroaz gozatzera.

Hasieratik, helburuetako bat izan da ere emakumeen partehartzea sustatzea batetik, berdintasuna bermatze bidean, eta bestetik euskal surfariei presentzia internazionala ematea.

Etorkizunari begira, ondo errotutako proiektua izanik, 1500 puntu izan beharrean puntu gehiagoko txapelketa izateko asmoa dute, eta helburua da gutxienez World Surfeko 3000ko txapelketa bihurtzea epe motzean.

Kirol ikuspegitik ere txapelketa interesgarriak izan dira azken urte hauetakoak, eta horren lekuko iaz izandako lehia estuak: emakumezkoetan, Pauline Ado hendaiarra izan zen garaile bigarren aldiz jarraian (txapelketa irabazten duen hirugarren aldia da), eta gizonezkoetan, Vicente Romero nagusitu zen.

Final estuak izan ziren biak ala biak. Emakumezkoetan, Leticia Canales aurretik joan zen ia manga osoan zehar, baina azken unean Adok jakin zuen nola aurre egin bilbotarrari. Gizonezkoetan, aurre egin behar izan zion Vicente Romerok txapelketa osoan zehar bere mangak puntuazio bikainaz irabazi zituen Maxime Huscenoti. Romero tinko ibili zen ordea, eta 15,7ko puntuazio ederraz gailendu zitzaion frantziarrari, hala, txapela eskuratuz.

SURFA