HERRI KIROLAK

Xabier Zalduak hirugarrenez irabazi du Euskal Pentatloia

by | 2020/09/29

Argazkiak: egursport.com

Xabier Zaldua zumarragarrak euskal pentatloiaren aro berriko hirugarren ekitaldia irabazi zuen larunbat gauen Azpeitian, aurkariei eta eguraldi kaxkarrari aurre egin ostean

III. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala jokatu zen Azpeitiko zezen plazan, eta gainontzeko bi edizioetan bezala, honakoan ere Xabier Zalduak jantzi zuen txapela, 36:06 denbora eginda. Bigarren izan zen Julen Gabirondo (36:41), eta hirugarren Xabier Orbegozo Arria V.a (37:55).

Euripean jokatu zuten atzoko finala, kanporaketa fasean egindako denboren arabera, bi txandatan banatu zirelarik kirolariak: lehenengoan, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares aritu ziren. Bigarrengoan, berriz, faboritoak: Zaldua, Gabirondo eta Arria V.a.

Egin beharreko lanak honakoak: 100 kiloko harriari 25 jasoaldi, gizon proban, bi plaza 400 kiloko harriarekin, hiru kanerdiko moztu, 50 kiloko bi txingarekin lau plaza eta korrika hiru kilometro —30 itzuli plazari—.

Lehen txandan, Peñagarikanok aldea atera zien Errazkini eta Kañamaresi lehen lau probetan, baina korrikarako garaia iritsi zenean, bete egin zen azpeitiarra. Azkenean lortu zuen indarrak berreskuratzea, eta denbora ona eginez amaitu zuen pentatloia: 38 minutu eta 42 segundo. Azpeitiarraren atzetik amaitu zuen lehia Errazkinek (40:05), eta, ondoren, Kañamaresek (43:25).

Bigarren txandan, berriz, azken bi urteotako txapelduna nagusitu zen lehia guztian zehar. Gabirondo hurbil izan zuen une batean baino gehiagotan, eta korrikako proban, bazirudien harrapatu egingo zuela. Dena dela, azkenean, Zalduak lortu zuen abantailari eustea eta pentatloia aurrena amaitzea. 36 minutu eta sei segundo behar izan zituen hark lanak amaitzeko, azken bi urteetan egindako denborak hobetuz. Haren atzetik amaitu zuen Gabirondok (36:41), eta ondoren helmugaratu zen Arria V.a. (37:55).

SAILKAPENA:

Xabier Zaldua: 36:06

Julen Gabirondo: 36:41 (+00:35)

Xabier Orbegozo Arria V.a: 37:55 (+01:49)

Kepa Peñagarikano: 38:42 (02:36)

Iñaki Errazkin: 40:05 (+03:59)

Julen Kañamares: 43:23 (+07:17)

Geldiune baten ostean, 2018an hasi ziren berriz ere proba egiten, eta ordutik txapeldun bakarra ezagutu du: Xabier Zaldua. Azken hiru urteotako txapelak jantzita, Zaldua bilakatu da beraz pentatloien maisu. Dena dela, bada haren pareko markak dituen beste kirolari bat: Joxe Mari Olasagasti. Hark ere hiru txapel ditu Euskal Pentatloi Txapelketan: 1983an, 1984an eta 1990ean gailendu zen proba horretan.

Iazko edizioa

Euskal Pentatloi Txapelketaren finalean sei kirolari aritu ziren nor baino nor gehiago: Joseba Otaegi zizurkildarra, Xabier Orbegozo Arria V.a Ibarran bizi den errezildarra, Xabier Zaldua zumarragarra, Luis Txapartegi aizarnarra, Aratz Mugertza mutrikuarra eta Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra. 2018ko txapelduna izan zen ere urte bat geroago lehaitutako probaren irabazlea: Zaldua, hain zuzen ere.

Guztiek lan berak egin behar izan zituzten: 100 kiloko harriari hogeita bost jasoaldi eman, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta hiru kilometro korrika aritu–zezen plazari 30 buelta–.

Hona hemen kirolariek lortutako denborak:

1. Xabier Zaldua: 38:30
2. Joseba Otaegi: 39:01 (+0:31)
3. Arria V.a: 39.54: (+1:24)
4. Luis Txapartegi: 41:40 (+3:10)
5. Aratza Mugertza: 43:03 (+4:33)
6. Aizperro: 45:28 (+6:58)