FUTBOLA/EUSKAL HERRIA KOPA
X. Euskal Herria Kopa 2020, oztopoak oztopo, jokatu egingo da
Argazkiak: ehkirola.eus
Iberdrola eta Reto Ligak momentuz bertan behera geratu dira eta, ondorioz, egutegia berriro moldatu behar badugu ere, Euskal Herria Kopa jokatu jokatuko da
Datak finkatu ezinik gabiltza. Futbolaren egoera korapilatsua da. Hasiera batean apirilean hastekoa zen X. Euskal Herria Kopa 2020 edizioa. Gerora, Covid19 pandemiaren ondorioz, egutegia aldatu genuen eta jokatzeko egunak ere zehaztuak genituen: abuztuan eta irailean jokatuko zen. Orain, ordea, berriro aldatu egin dira emakumezko futboleko 2020/21 denboraldiko Iberdrola eta Reto ligak hasteko finkatuta zituzten egunak. Horren aurrean, baina, esan nahi dugu X. Euskal Herria Kopa 2020 edizioa jokatu egingo dela, datak oraindik zehazterik ez badugu ere.
Emakumezko futboleko 2020/21 denboraldia
Irailaren 5ean hastekoa zen Iberdrola Liga, emakumezkoen lehen mailako liga, eta irailaren 27an Reto Liga, bigarren mailako txapelketa, baina, azken orduan, pandemia madarikatu honen ondorioz bertan behera geratu dira “sine die”.
Espainiako Federazioak klubei adierazi dienez, oraindik idatzi gabe dagoen osasun protokoloa finkatu behar da lehenik eta handik hilabetera hasiko dira aipatu lehiaketak. Beraz, oraindik ez dago esaterik noiz hasiko diren.
X. Euskal Herria Kopa 2020
X. Euskal Herria Kopa aldiz, apirilean hastekoa zen. Dena prest zegoen emakumezko futbolean garrantzia handia duen txapelketa hau abian jartzeko. Kanporaketak apirila eta martxoan egitekoak ziren baina gure bizitzak bezala hankaz gora bota zituen hauek ere gure artean sartu den birusak.
Gerora, Federazioak 2020/21 denboraldirako ezarritako datetan oinarrituz, berriro jarri zen martxan, berrikuntza garrantzitsu batekin.
Izan ere, Euskal Herria Kopa lehiaketa Euroeskualdea esparruaren babespean kokatu dugu. Nafarroak, Euskadik eta Akitania Berriak osatzen dute Euroeskualdea, eta egitura honek badu bere helburu estrategikoen artean herrialde ezberdinen arteko kirol lehiaketak sustatzea. Eremu horrek eskaintzen dituen aukerak baliatu nahi izan ditugu gure kirol proiektuak bideratu ahal izateko.
Partaidetzaren aldetik, X. Euskal Herria Txapela 2020 edizio honetarako aurrikusiak geneuzkan datetan, honako talde hauen partaidetza hitzartuta zegoen: Nafarroa Garaiko Mulier, Berriozar eta Osasuna; Akitania Berritik, Baionako Aviron eta Angeluko Genets lapurtarrak; Euskaditik, Real Sociedad, Eibar, Añorga eta Oiartzun gipuzkoarrak; San Ignacio, Bizkierre eta Athletic bizkaitarrak; eta Aurrera de Vitoria eta Alaves arabarrak.
Txapelketaren formatoa eta egutegia ere moldatua genituen oraingo egoera nahasi honetara egokitzeko…
Data berririk ez
Baina esan bezala, Covid-19ak txapelketa guztien egutegiak aldatu egin ditu. Euskal Herria Kopa, GUREA, futboleko aurredenboraldian jokatu ohi da. Hartara, Iberdrola Liga irailaren 5ean hastekoa zen; Reto Liga, irailaren 27an; eta Liga Nacional deiturikoan jokatzen dutenak noiz hasiko ziren ere ez zekiten. Orain baina, liga horien guztien 2020/21 denboraldiak hasteko datak aldatu egin dira, eta horrek gurean ere aldaketak egitera behartu gaitu.
Azken batean, X. Euskal Herria Kopa aurtengo edizioan abuztuan eta irailean jokatzeko genituen partida guztiak bertan-behera utzi behar izan ditugu emakumezko futboleko denboraldien hasierako datak ezagutu artean.
Jokatu egingo da
Hartara, taldeen prestutasuna eta bideratutako antolaketa lanak kontuan izanik, egoera honetan baieztatu dezakegun gauza bakarra, gauden egoeran ezer baieztatu daitekeen neurrian bederen, hauxe da: X. Euskal Herria Kopa jokatu egingo da, eta talderik onenak izango dira bertan.
→ ehkirola.eus: VIII. Euskal Herria Kopa
→ ehkirola.eus: IX. Euskal Herria Kopa
→ Wikipedia: Euskal Herria Kopa
[IX.EHTxapela] Reala-Osasuna, urriaren 27an
IX. Euskal Herria Txapela 2024/25 edizioaren bigarren partida izango da
RealaK irabazi du XIV. Euskal Herria Kopa!
Aurtengoarekin bosgarren aldiz irabazi du Realak Euskal Herria Kopa
[XIV.EHKopa] A maila: Reala txapeldun!
Penaltietan 3-2 irabazi du Realak IX. Euskal Herria Kopa 2024 edizioa, jokoan golik gabe berdindu ondoren