HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Urrezko aizkolari zein harrijasotzaileen finalak jokatu dira Azpeitian

by | 2022/06/07

Argazkiak: egursport.com

Federazioen titulu ofizialetatik harago, herri kiroletan sona handia dute Egur Sport enpresak antolatutako txapelketek, zeintzuen finalak pasa den igandean lehiatu ziren Azpeitiko Izarraitzen.

Gizonezkoen Urrezko Aizkora txapelketari dagokionez, aurtengoa 25. edizioa izan zen. 1998an estreinako aldiz jokatu zutenetik, gorengo mailako aizkolariek beren izena idatzi dute irabazle zerrendan: Floren Nazabal bederatzi aldiz nagusitu da. Beste zenbait aizkolari loriatsuk, Joxe Mari Olasagastik eta Donato Larretxeak esaterako, hiruna txapel dituzte.

2022ko finalean, hiru aizkolari aritu ziren nor baino nor gehiago txapelaren bila: Iker Vicentek hirugarren garaipena eskuratzea zuen xede, Julen Alberdi Txikia IV.ak orain bi urtekoa errepikatu eta bere bigarren txapela jantzi nahi zuen eta azkenik, Mikel Larrañagaren helburua lehendabizikoa zakuratzea zen.

Egin beharreko lanak honakoak: guztira, hamar egur ebaki behar zituzten, bost eratan banatuta. Lehen hirurak 45 ontzakoak ziren, eta era batera moztu zuten bakoitza; lehendabizikoa, ahalik eta kolpe gutxienetan; bigarrena, ahalik eta azkarren; eta hirugarrena, zutik jarrita. Gero, hirurogei ontzako bat ebaki behar zuten eta amaieran egin zituzten lanik mardulenak: bina kana-erdiko (54 ontzakoak) 60 ontzako eta 65eko moztea.

Azkenean, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra izan zen irabazlea, nahiz eta lehen bi lanetan Iker Vicente aurretik joan zen. Zutikako proban aurre hartu zuen azkoitiarrak, eta azken proban bost segundoren aldearekin irabazi zuen lehia. 22 minutu eta 52 segundo behar izan zituen azkoitiarrak proba amaitzeko; Vicenteren denbora, berriz, 22:57 izan zen, eta Mikel Larrañagarena 24:01.

Emakumezkoen Urrezko Aizkorako finalean, Laiene Pikabea, Nerea Arruti eta Nerea Sorondo aritu ziren lehian, 36 ontzako hiru enborreko lanean. Bi proba egin zituzten aizkolariek, eta Arrutik bost minututan eta 39 segundotan amaitu zituen. Bigarrena Nerea Sorondo izan zen (06:13), eta hirugarrena, Laiene Pikabea (07:10).

Harrijasotze txapelketei dagokionez berriz, Harri Handiak Urrezko Harri jasotze Txapelketa Jokin Eizmendik eta Jon Unanue Goenatxo III.ak jokatu zuten, eta Eizmendi izan zen garaile. 188 kiloko laukizuzenarekin 1.504 kilo jaso zituen hark, 138 kiloko kubikoarekin 1.794 kilo, eta 113 kiloko bolarekin 2.034 kilo; guztira, beraz, 5.332 kilo altxatu zituen. Goenatxo III.ak, aldiz, 1.316 kilo jaso zituen laukizuzenarekin, 1.656 kilo kubikoarekin, eta 1.808 kilo bolarekin. Guztira, 4.780 kilo jaso zituen azkoitiarrak.

Emakumezkoen Harri jasotze Txapelketa, berriz, Karmele Gisasola Zelai III.ak irabazi zuen, guztira 41 jasoaldi eginda —17 jasoaldi 63 kiloko kubikoari, eta 24 jasoaldi 63 kiloko bolari—. Bigarrena Lur Errekondo izan zen 33 altxaldi eginda, eta hirugarrena, Patricia Marin 31 altxaldi eginda.