HERRI KIROLAK/AIZKORA

Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala, larunbatean

by | 2020/10/08

Argazkiak: egursport.com

Aizkolariek eta aizkorazaleek hitzordu garrantzitsua dute larunbatean, urriak 10, Azpeitian, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala izango baita Izarraitz pilotalekuan 18:30etan hasita. Larunbateko saioan harri-jasotzaileek ere parte hartuko dute. Sarrerak salgai daude Mendizabal eta Pastorkua tabernetan.

Lau aizkolari ariko dira nor baino nor lehian: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Jon Rekondo leitzarra. Egin beharreko lana honakoa: bost izakeratako 35 enbor ebaki beharko dituzte, eta lanok gauzatzeko denbora gutxien behar duen kirolariak jantziko du txapela.

Egur Sportek antolatu du txapelketa, eta Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak ez du lehiarekin zer ikusirik. Antolakuntzak azaldu zuen aurten ez dutela izan liga jokatzerik, astirik egon ez delako, baina finala egitea erabaki dutela. Hain zuzen ere, binakako eta banakako txapelketetako txapeldunek eta txapeldun ordeek jokatuko dute final hori: Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a , Ugaitz Mugertza eta Jon Rekondo.

Bost eratako lanak egin beharko dituzte larunbateko saioan, lan arinak, motzak eta ikusgarriak: lehen lana erlojuaren kontra egin beharko dute, eta gero kanaerdiko enbor bat zutik ebaki beharko dute. Hirugarrenik, abiadurako lana gauzatu beharko dute 60 ontzako enbor batekin eta jarraian, 45 ontzakoa zutik eta kanardiko bat etzanda ebaki beharko dituzte. Azken lana berriz, lau enbor ebakitzea izango da.

Esan bezala, larunbateko herri kirol jaialdian harri-jasotzaileek ere parte hartuko dute. Binakako txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak. Horiek 175 kiloko laukizunena, 138 kiloko kubikoa, ehun kiloko zilindro zaharra eta bola erabiliko dituzte lanak egiteko.

Gizonezkoen txapelketa horretan parte hartuko dute honako bikote hauek ere: Jokin Eizmendik eta Gorka Etxeberriak; Julen Diazek eta Mikel Lopetegi Urra-k; Urdax Magunazelaiak eta Jon Irañetak; eta Aimar Galarragak eta Jagoba Otaegik. Bikote bakoitzak bi sailkapen jardunaldi jokatu beharko ditu, eta bi jardunaldietan kilo gehien batzen dituzten hiru bikoteek jokatuko dute finala, abenduaren 31n.

Sailkapen saioetan, bi minutuko txandetan altxatu beharko dituzte lau motatako harriak —175 kiloko laukizuzena, 138 kiloko kubikoa, 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola—, eta hiru minutuko txandetan finalean.

Gainera, emakumezkoetan, Urrezko Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketako hiru finalistek —Karmele Gisasola Zelai III.a mallabiarra, Virginia Finol iruindarra eta Udane Ostolaza oriotarra— erakustaldia emango dute.

Sarrerak salgai

Larunbateko jaialdirako sarrerak Mendizabal eta Pastorkua tabernetan egongo dira salgai, 25 euroren truke, eta 685 750 848 telefono zenbakira deituta edo idatzita ere egongo da haiek eskuratzeko aukera.