MENDIA

Urnietan hilaren 23an abiatuko da udazkeneko Mendi Tour eskaintza

by | 2021/09/20

Argazkiak: mendifilm

Mendi Film zinemaldiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria udazkeneko egitarauari ekiteko prest dago. Hilaren 23an, osteguna, Urnietan egingo da lehen saioa, eta hortik aurrera azarora bitarteko egitaraua atontzeko hainbat hitzordu daude jada baieztatuta:

Irailak 23 URNIETA

Urriak 31 MARKINA-XEMEIN

Azaroak 12 ELGOIBAR

Azaroak 16 BASAURI

Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiei buruzko pelikulek haize freskoa ekarriko dute zinemetako pantaila handietara, eta zinemazaleek helduleku polita izango dute euren pasio eta ametsei bide emanez kalitatezko zinemagintzaz gozatzeko.

Hala izan da pandemiak baldintzatutako 2021 honetan. Euskal Herriko esparrura mugatuta, eta aforo murrizketak murrizketa, 24 Mendi Tour egin dira, guztira 6370 ikusle bilduz, saio bakoitzeko 276 ikusle bataz-beste.

Araban: GASTEIZ, AGURAIN eta AMURRIO

Bizkaian: BILBO-SANTUTXU, LEIOA, IGORRE, ZALDIBAR, OTXANDIO eta MALLABIA

Gipuzkoan: DONOSTIA, ESKORIATZA, TOLOSA, EIBAR, HONDARRIBIA, ANTZUOLA, ARRASATE, ZARAUTZ, ORIO eta AZPEITIA

Nafarroan: IRUÑA, ZANGOZA eta IRURTZUN

Hauekin batera Udan bi Mendi Tour egin dira aire zabalean, bata IZABAko anfiteatroan eta bestea CANET D’EN BERENGUER-eko (Valentzia) hondartzan.

2021eko abenduaren 3tik 12ra egingo da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 14. edizioa, eta Mendi Tourraren urte osoko hauspoak indar handia emango dio. Pandemiak, gainera, ez du ondorio murriztailerik izan mendiko zinemagintzaren produkzioan, eta aurten, beste behin ere, film asko inskribatu dira Mendi Filmen parte hartzeko gogoz, mundu osotik igorritako mendiko filmak tartean. Irailaren 15ean amaitu zen izena emateko epea, eta bilketa eta ikuskatze lana dagokio orain hautaketaz arduratzen den lan taldeari.

MENDI TOUR URNIETA

Irailak 23 osteguna (19:00)

CHARGE 2: irudi eta akzio uztartze ikusgarria konbinazio potente batetik eratorria: muturreko eskiatzaileak eta haiekin dabilen munduko drone gidari txapelduna.

ATERPEAN ATERI: Mikel Sarasolak ur lasterretako abenturekin egiten du amets etxealdi bete-betean. Muturreko piraguismoa.

THE WURL: “Wasatch Ultimate Ridge Linkup” mendiko lasterketa gogor baten izena da, Salt Lake Cityko (Utah, AEB) erdigunetik ikus daitekeen 58 kilometroko mendi gandor amaigabea. Bi emakume prest agertu dira, eskiekin lagunduta, ibilbidea neguan burutzen duten lehenak izateko.

MYRTLE SIMPSON – A  LIFE ON ICE: Eskalatzailea, esploratzaile polarra, abenturazalea, idazlea eta lau seme-alabak bere muturreko bidaietara eramaten zituen ama, hori guztia da aldi berean Myrtle Simpson, mundu osoan barrena bere arrastoa zabaldu duen emakumea.

FREE AS CAN BE: Mendi Film 2020 Eskalada Film Onena “Free Rider” Yosemiteko El Capitan horman, eta hura era askean eskalatzeko eginahalean bat egingo duten belaunaldi desberdineko bi lagun, tartean Mark Hudon legenda.