ERRUGBIA

“Txapelketa bertan behera gelditu izana taldeen onerako izatea erabaki dugu”

by | 2020/05/08

Argazkiak: euskadirugby.eus

“Txapelketa bertan behera gelditu izana taldeen onerako izatea eta ez kalterako erabaki dugu”

 

Jose Migel Galdos (Donostia,1954) Euskadiko Errugbi Federazioko kirol zuzendaria da. Inork gutxik bezala ezagutzen ditu kirol honen hari ezkutuak. Koronabirusak sortutako egoeraz solastu gara berarekin.

Kontaiguzu nola harrapatu zintuzten egoera honek.

Euskadiko Federazioak antolatzen dituen txapelketetaz arituko natzaizu hasieran. Guk martxoaren 7-8ko asteburuan partidak genituen, baina ordurako dezente zurrumurru zegoen (eta guk behintzat sinesgarritasun handiko informazioren bat ere bagenuen) eta kontu handiz eta neurri zorrotzekin jokatu genuen.

Aste horretan bertan, zehazki asteazkenean, gure kabuz, eta oraindik Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaritzak erabakirik hartu gabe zegoenean, gure ardurapean zeuden txapelketa guztiak behin behinean bertan behera uzteko erabakia hartu genuen. Esan liteke beraz, aurrea hartu geniola egoerari.

Eta Nafarroako Federazioak?

Nafarroako errugbilariek gure txapelketetan parte hartzen  dute (Iruñeako “La Unica” zihoan gainera lehena), eta ondorioz gure irizpidepean  geratu ziren.

Frantziakoak eta Espainiakoak zer egin zuten?

Espainiako Federazioak, nazioarteko partida bat zuen Portugalen kontra  martxoaren 14an eta horren ondorioz, geldirik zeuden bere ardurapeko txapelketak. Portugaleko jokalariren batek positibo eman omen zuen eta nazioarteko federazioak partida bertan behera gelditzeko agindua eman zuen. Baina nazioarteko partida hori jokatzekotan zenez A eta B ohorezko dibisioko partidarik ez zen asteburu horretan (gure taldeen artean hauek zuten libre: gizonezko A mailan Hernani eta Ordizia eta B mailan Gernika, Bilboko Uni, Getxo, Uribe, Gaztedi, Bera Bera, Eibar eta Zarautz eta emakumezkoetan B mailan Eibar). Ondoren martxoaren 15ean Espainiako Gobernuak  denok konfinatu eta kirol ekitaldi guztiak debekatu zituen.

Frantzian astebete beranduago hartu zen erabaki hori eta partida bat gehiago jokatu zen, gogoratu martxoaren 15ean oraindik hauteskundeak izan zirela.

Eta ondoren zer gertatu da?

Egoerak luze jo du eta horrek  erabakiak hartzera behartu gaitu. Eta Federazio bakoitzak bere txapelketei zegozkionak hartu ditu. Baina Federazio guztien erabakiak ez dira bat etorri.

Guztiok garbi dugu ez zegoela baldintzarik eta behin betiko bukatutzat eman behar zela aurtengo denboraldia, baina nola arautu nor igotzen eta nor jaisten den… hor federazio bakoitzak irizpide ezberdinak erabili ditu.

Gu oinarri batetik abiatu gara. Txapelketa bukatu gabe geratu denez igotzeko postuetan zegoenari mailaz igotzeko aukera  eman diogu, eta igoerako play off-ean sartzeko aukera zuenari ere bai eta jaitsiera postuetan zegoenari ordea, maila eusteko aukera eman diogu. Urte zuritzat hartu dugu aurtengoa. Txapelketako irabazlerik ez  dugu eman, baina lehia geldi izana taldeen onerako izatea eta ez kalterako erabaki dugu.

Espainiakoak irizpide ezberdinak erabili ditu, baina egia esan ez dugu ulertzen zertan oinarrituta hartu dituzten erabaki horiek. Ohorezko mailako txapeldunik ez da izango, baina jaitsiera postuetan zegoena jaitsi egiten da eta igotzeko postuetan lehena zegoena igo. Eta promozio postuetan zegoenak ere ez du maila igotzeko aukerarik izango.

Horrela Hernani kaltetua suertatu da, eta mailaz jaitsi beharko da azkena zihoalako nahiz eta partida denak jokatu gabe egon. Gernika ere kaltetua da, igotzeko aukera ukatu zaiolako, eta aldiz Getxo onuradun atera da, mailaz igoko delako, punturik gehien zituena izateagatik. Irizpideak ez ditugu ulertzen, multzo ezberdinak daudelako eta multzo bakoitzean puntu gehien izateak ez duelako adierazten nor den une horretan onena, multzo bakoitzeko lehia ezberdina baita. Bestalde, B ohorezko mailan azkena zihoanak maila galduko du.

Emakumezkoetan, hasieran irizpide ezberdinak jarri zituzten, eta ondoren helegite bat tarteko, gizonezko mailei  ezarritako irizpide berdinak  ipini ziren eta horri esker Eibar ohorezko dibisioko A mailara igoko da.

Frantzian aldiz, liga amaitutzat eman badute ere, txapelduna nor izango den erabakitzeko data batzuk topatzen ari dira. Seguruenik irailean euren arteko partidak izango dira irabazlea nor den zehazteko. Hala ere igoera eta jaitsieretarako gure irizpideak erabili dituzte eta aurtengo denboraldia zuritzat jo dute. Nazioarteko txapelketetara joateko egungo sailkapenak hartuko  dira aintzat.

Zer giro dago taldeetan?

Haserre handia dago. Alde batetik, hasieran gizonezkoetan eta emakumezkoetan irizpide ezberdinak ezarri zituzten, gero esan dugun moduan akats hau zuzendu badute ere. Eta ulertezina da talde bat, kasu honetan Hernani, mailaz jaistea oraindik matematikoki  mantentzeko aukerak zituenean. Denboraldia eteteak kaltetuaren alde joan beharko luke.

Lehen eta bigarren postuak EHko selekzioarentzat

Lehen eta bigarren postuak EHko selekzioarentzat

RUGBYA   Lehen eta bigarren postuak lortu zituen Euskal Herriko selekzioak Bretainian jokatutako "Emakumea melean" nazioarteko txapelketan. Sub 18ko taldea bigarren geratu zen eta Seniorrak garaile izan ziren Rennes-en aurka irabazi ostean. Bretainiako Châutelin...

Share This