FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA

Reala – Eibar, III. Euskal Herria Txapela 2019ko finalean

2019/08/05

Argazkia: Iñaki Martixa, Tolosa F.K.eko presidentea; Joseba Ibarburu, Realeko ordezkaria; Periko Alonso, jokalari/entrenatzaile ohia; Kike Zurutuza, Euskal Herria Kirola elkarteko ordezkaria; Olatz Peon, Tolosako alkatea, eta Jon Ander Ulazia, Eibarko ordezkaria (argazkia: realsociedad.eus)

Periko Alonso omenduko dute III. Euskal Herria Txapelaren finalean

Abuztuaren 10ean, 20:30ean, Tolosako Berazubi estadioan jokatuko dute finala Realak eta Eibarrek.

Euskal Herria Txapela, Espainiako gizonezkoen futboleko lehen mailako ligan jokatzen duten euskal taldeen artean jokatzen da. Elkarren artean jokatzen dituzten partiden emaitzen araberako sailkapenean, lehenengo bi sailkatuek jokatzen dute finala. 2018-2019 denboraldian Realak eta Eibarrek amaitu zuten lehenengo bi postuetan, eta haiek izango dira Euskal Herria Txapelaren finalistak.

Reala, Eibar eta Tolosa arteko loturak batzen dituen Periko Alonso jokalari historikoak emango die trofeoa finaleko irabazleei. “Euskal Herria Kirola elkartearen filosofiarekin eta irudiarekin bat datorren Alonsoren kirol ibilbideari ere omenaldi egin nahi diogu ekimen honekin”, esan du Euskal Herria Kirola elkarteko ordezkari Kike Zurutuzak.

“Mila esker nirekin gogoratzeagatik”, esan du Alonsok, “eskertzen dut, hemen Tolosan, etxean bertan omenaldia jasotzea”. Bide batez, euskal taldeei denboraldi on bat opa nahi izan die futbolari ohiak, liga hastear dagoen honetan.

Jon Ander Ulazia, Eibarko administrazio kontseiluko kideak nabarmendu du, abuztuaren 10eko partidak pertsona “ezin hobe bat” omentzeko balioko duela. Euskal Herria Kirola elkarteak egiten duen lana ere azpimarratu nahi izan du Ulaziak, euskal futbolaren egoera ona aldarrikatzeko balio duelako. “Espainiako lehen mailako ligan azken denboraldian taldeen %20 izan gara euskaldunak eta orain Osasuna mailaz igota, laurden bat izango gara”.

Eibarko zuzendaritzako kidearen ustetan, “anaitasun partida bat” izango da datorren abuztuaren 10ekoa, “euskal derbi guztiak izaten diren bezala”. Lehen aldia izango du talde armaginak Euskal Herria Txapelaren finalean, Realak ez bezala, iazkoan ere jokatu baitzuen txapelketa: “Aurten irabaztea espero dugu eta horretan saiatuko gara”, esan du Joseba Ibarburu, Realeko presidente ordeak.

Sarrerak salgai

Abuztuaren 10ean jokatuko da finala, Tolosako Berazubi estadioan 20:30etan eta ETB1ek zuzenean emango du. Futbol zelai bertatik jarraitu nahi dutenek, aurrez erosi ahal izango dute sarrera Euskal Herria Kirola elkartearen web gunean. Realaren dendetan, Eibarko Ipuruako dendan eta Tolosako Xare tabernan ere eskuragai izango dira sarrerak. Egunean bertan leihatilan jarriko dituzte saldu gabe geratzen direnak.

Partida harmailetatik jarraitu ahal izateko 20 euro ordaindu beharko dira (16 urte artekoek 10 euro) eta zutik zelai inguruan ikusteko sarrerak 10 euro balioko dute (16 urte artekoek 5 euro). Tolosako Udalak, harmaila gehiago jarriko ditu finala erosotasunez jarraitu ahal izateko. Ahalik eta jende gehienari aukera emateko hartu dute erabakia, Olatz Peon alkateak jakinarazi duenez. Kirolzale guztientzat abuztuaren 10eko partida “paregabea” izango dela nabarmendu du Peonek eta ohore bezala hartu du Euskal Herria Txapelaren finala Tolosan jokatzea. “Gainera, Periko Alonsori omenaldia egiteko antolatutako edozein ekintzetan parte hartzea, beti da pozgarria”.

Zurutuzak, eskerrak eman dizkio Tolosako Udalari finala antolatzeko emandako laguntzagatik eta bereziki nabarmendu du Tolosa CF klubaren inplikazioa. “Ezinezkoa izango litzateke partida antolatzea haien laguntzarik gabe”.

Emakumezkoen Euskal Herria Kopa

Emakumezkoen Euskal Herria Koparen finala, abuztuaren 24an jokatuko dute Azpeitian, Realak eta Athleticek. Dagoeneko bederatzigarren aldia izango du emakumezkoen txapelketak.

2018/19

III. EUSKAL HERRIA TXAPELA

Sailkapena
Egutegia
Emaitzak

TALDEAPt.JIBGAGKG
1REALA10631286
2EIBAR9623176
3ALAVES6613245
4ATHLETIC6613257
• Pt.: puntuak • J: jokatuak • I: irabaziak • B: Berdinduak • AG: Aldeko golak • KG: kontrako golak

NOIZTALDEAEMAITZATALDEA
2018.08.31Eibar
2-1
Reala
2018.10.05Athletic
1-3
Reala
2018.10.21Eibar
1-1
Athletic
2018.11.04Eibar
2-1
Alaves
2018.12.17
Alaves
0-0
Athletic
2018.12.21Reala
0-1
Alaves
2019.02.02
Reala
2-1
Athletic
2019.02.23Athletic
1-0
Eibar
2019.03.09Alaves
1-1
Eibar
2019.04.14Reala
1-1
Eibar
2019.04.27Athletic
1-1
Alaves
2019.05.04Alaves
0-1
Reala
Osasuna 2-0 Athletic

Osasuna 2-0 Athletic

VII. Euskal Herria Txapela 2022/23 edizioaren azken partida izan da. Finalean izango da Osasuna, Realaren aurka Txapela jokoan.