«Keparekin ere ez»

JOSE MARI PASTOR
KAZETARIA
Berria


→ JOSE MARI PASTOR • 2018.06.30 • www.berria.eus

Frantzia? Espainia? Ez bata, ez bestea. «Larunbatean Argentinarekin eta igandean Errusiarekin». Horixe esan zidan asteazkenean lagun batek, Munduko Futbol Txapelketako final-zortzirenetako partidak zeintzuk izango ziren jakin ostean. Izan ere, gaur Argentina-Frantzia partida izango dugu; bihar, Errusia-Espainia. Nik berdin-berdin pentsatzen dut. Argentinaren eta Errusiaren alde egingo dut. Eta gure bi metropoliek aurrera egiten badute txapelketan, haien aurka jardungo duten taldeen zalea izango naiz. Berdin dit talde horiek zeintzuk diren.

ERCko diputatu Gabriel Rufianek Espainiak irabaztea nahi du, «futbol bikaina» egiten duelako. Badakit, garai berrietan bizi omen gara, baina nire bihotzak ezin du Paris edo Madrilen alde egin. Nire buruak ere ez. Eskola zaharrekoa naiz. Gauza bat da talde batek joko bikaina egitea eta garaipena merezi izan duela onartzea. Baina pozez lehertzea? No way, Jose.

Zer dela eta babestu behar ditut frantses sentimendua sendotzeko hilabeteko derrigorrezko zerbitzu nazionala ezarriko duen estatu jakobinoaren ordezkariak? Zer dela eta Espainia sostengatu? Erregea, Francok inposatutako monarkiaren goreneko ordezkaria, Moskun egongo da bihar, ezustekorik ez bada. Ez dut bat egingo Kataluniako independentzia zapuzteko agerraldi autoritarioa egin zuen gizonarekin. Uruguaiko presidente ohi Pepe Mujicak Borboikoa egun hartan nola ikusi zuen adierazi du: «Gaztelako printzea ematen zuen, ez Espainiako erregea. Hain zaila da Espainia estatu plurinazionala dela onartzea?». Antzeko galdera egin dit Euskal Herrira bisitan etorritako lagun alemaniarrak: «Espainia federala edo konfederala onartuko zenuke?». «Independentzia nahi dut, baina hemengo herritarrek beste eredu baten alde egiten badute, onartu egingo dut».

Hala ere, ez dago epe ertainean halako aukeraren arrastorik. Espainiako presidente Pedro Sanchezek argi erantzun dio Quim Torrari: ez da adostutako erreferendumik izango. Sozialistek ez dute gai hori Kataluniako agendan. Euskal Herrikoan ere ez. Demokraziaren aurretik nazio-estatuaren defentsa sutsua ezartzea leporatu dio Ferran Requejo politologoak Espainiako estatuari. Weimarko Errepublikan gertatua gogorarazi du Requejok, La Vanguardia egunkarian: Konstituzioaren alde egin beharrean, Carl Schmitt legelariak Alemaniaren defentsa egin zuen. Eta jarraian: «Espainiako aktore judizialek antzera jokatzen dute. Espainiaren batasuna Zuzenbide Estatua baino garrantzitsuagoa da. Batasun hori zalantzan jarriz gero, ez du ardura handirik eskubide politikoak edo askatasun parlamentarioak urratzen baldin badira».

Zergatik sostengatu Espainia Moskun? Kirola besterik ez dela esango dute. Bada, horregatik, hain zuzen: gaur futbola delako denik eta baliabide indartsuena nazio-estatuen aldeko sentimenduak batzeko eta horien kohesioa sendotzeko. Nolatan egingo dut bat gure etorkizun politiko soziala erabakitzeko eskubidea ukatzen digun estatuaren kirol ordezkariekin? Inola ere ez. Eta berdin dit kirol talde horretan hemengo jokalaririk baldin badago. Euskal herritarrak dira, bai, baina Frantziaren edo Espainiaren ordezkari eta defendatzaile ditugu. Eskubide osoa dute han egoteko, gogoz edo komenentziaz. Eskubide osoa etorkizun profesional eta ekonomikoa bermatzeko, dudarik ez. Alta, hori ez da arrazoia beste herritarrok euren taldearekin bat egin dezagun.

El rubio de Barakaldo Espainiako entrenatzailea zenean, zenbat abertzale ez zeuden, ba, Espainiaren alde. Orain, Didier Deschamps baionarra dugu Frantziako selekzionatzailea, baina horrek ez nau les bleus defendatzera bultzatuko. Eta bihar De Gea gastroenteritisak jota badago, eta haren ordez Kepa jartzen badute espainiarren atean, ez diot ezer onik desiratuko haren hamaikakoari. Athleticen dagoenean, bai, jakina. Espainiarekin, ez. Berdin dit Ondarroa erdiak eta Bilbo osoak bat egiten badute harekin. Ez dut nahi Espainiak De Gearekin irabazterik. Keparekin ere ez.

0 Comments

Submit a Comment

Twitter

<a class="twitter-timeline" data-height="400" data-theme="light" data-link-color="#981CEB" href="https://twitter.com/ehkirola?ref_src=twsrc%5Etfw">Tweets by ehkirola</a> <script async src="https://platform.twitter.com/widgets.js" charset="utf-8"></script>
Mendi Tourra Azpeitian

Mendi Tourra Azpeitian

Seigarren edizioa egingo da Soreasu antzokian, uztailak 6 eta 8, asteartea eta osteguna