Viva Rusia! eta zerbait gehiago ere

MARTXEL TOLEDO GARMENDIA
ESAITeko KIDE OHIA
Berria


→ MARTXEL TOLEDO GARMENDIA • 2018.06.30 • www.berria.eus

Errusian jokatzen ari den munduko txapelketan Espainiako futbol selekzioak anfitrioiaren aurka galdu eta kaleratua izan ondoren, «Viva Rusia!» eta era guztietako esaldiak gailendu dira gurean, batik bat sare sozialetan. Badirudi, nolabait, etsaiaren porrotak gure gorputzean sortu duen pozak eragin handia izan duela, hori da behintzat ikusitakoaren ondoren nik ateratzen dudan ondorioa, alegia, porrotak balio izan duela gurean la roja-rekiko dagoen amorrua askatzeko eta haserrea irudikatzeko.

Txapelketa horren harira, egun batzuk baino ez idatzi nuela hausnarketarako tartea ere izan behar zuela gurean gertatzen ari zenak. Eta zentzu horretan doa hau ere, zeren, nire uste apalean, Espainiaren porrotak, momentuko euforiak sor dezakeen poza kenduta, ez duelako Euskal Herriko selekzioaren etorkizuna ezertan aldatzen. Eta benetan, horren aldekoa da egin behar dugun borroka, alegia, inoren aurka joan ordez, egoera behingoz aldatu eta gurearen ofizialtasuna irabazteko, eta, horrela, beste guztien parean lehiatu ahal izateko.

Azken emaitza jakin bezain pronto, eta jasotako txio batzuen harira, Espainiak galdu arren ez nago pozik, penaz baizik, ikusita gurean egunetik egunera la roja-k jarraitzaile sutsu gehiago dituela, eta hori guztiok galtzaile garen seinale baino ez delako idatzi nuen Twitterren. Eta horretan jarraitzen dut, alegia, besteen porrotaz gozatu ordez gurearen egoeraz kezkatu beharko genukeelako.

Eta, horretarako, uste dut ez dela nahikoa soilik «Viva Rusia!» eta antzekoak sare sozialetan oihukatzea eta plazaratzea, beste zerbait gehiago eta emankorragoa egin beharko genukeelako, etorkizunean, la roja-k egiten duenari begira sufritzen egon beharrean geurea animatu ahal izateko. Baino horretarako, gurean, guztiok txipa aldatu beharrean gaude. Eta lehen azterketarako ez da asko falta, 2020an jokatuko delako Eurokopa, eta Bilbo izango delako Espainiaren egoitza nagusia, horrek gurean ekar dezakeen guztiarekin, besteak beste, beraiekiko zaletasuna handitzea eta, ondorioz, jarraitzaileen gorakada ere nabarmen handitzea.

Horregatik, jarraitzen dut pentsatzen merezi duela borrokatzea, ezin garela soilik eskuak gurutzatuta gelditu Espainia edota Frantziaren porrotaren zain. Eta bide hori egitea guztiori dagokigu, ez soilik kirolzale, elkarte eta federazioei, baita Instituzioei ere; besteak beste, selekzioak herriarenak direlako.

Gogora ekarri baino ez Eurokoparen egoitza bat Bilbo izango zela jakin zenean, besteak beste, EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk esandakoa, bertan euskal selekzioa ikustea espero zuela edo eta Bizkaiko Foru Aldundiko Jose Luis Bilbao diputatu nagusi ohiak adierazitakoa, San Mamesen Eurokopa bai, baina euskal selekzioak anfitrioi gisa jokatzen badu, bestela ez. Dagoeneko lehenengoa ziurtatuta dago, alegia, Eurokopako fase bat San Mamesen jokatuko dela, eta sailkatuz gero, Espainia bertan izango dela. Bigarrena, alegia, euskal selekzioak parte hartzearena, egunetik egunera zailago ikusten dudan erronka baino ez da.

Hala ere, ea adierazpenetik harago, hitzetatik ekintzetara pasatuta, euskal selekzioaren parte hartzea defenditzeko gaitasuna eta ahalmena dugun, eta San Mames futbol zelaian ofizialki Espainiarekin batera gure selekzioa ere ikusteko aukera izaten dugun. Horrek izan beharko lukeelako, koherenteak izanik gure selekzioarekiko, guztiok geure buruari jarri beharko genizkioken erronketako bat.

Beraz, hurrengoan, «Viva Rusia!» oihukatu ordez, «Gora Euskal Herria» ahoskatzeko aukera dugun, besteak beste, hori benetan irabazten ari garen seinale izango litzakeelako. Eta, jakina, behingoz irabaztera atera behar dugu, galtzen diren partiduak, soilik, lehiatzen ez direnak direlako.

0 Comments

Submit a Comment

Twitter

<a class="twitter-timeline" data-height="400" data-theme="light" data-link-color="#981CEB" href="https://twitter.com/ehkirola?ref_src=twsrc%5Etfw">Tweets by ehkirola</a> <script async src="https://platform.twitter.com/widgets.js" charset="utf-8"></script>