EUSKAL PILOTA

Plazaz Plazako jardunaldi hirukoitza

2021/06/28

Argazkiak: Ados Pilota

Ekainaren 23an Mutiloan jokatu zen Plazaz Plazako jardunaldi berri bat, San Juan bezperan, hasieran ilusioz gainezka zeuden Ultzamako eta Zizurreko neskek partidu polita eskaini zutelarik.

Txapelketako norgehiagokai dagokionez, txapelketan estreinatzen ziren bi bikote handik partidu bikaina jokatu zuten, partida zinez gogorra eta lehiatua, azkenean Amaia Aldai- Uxue Oses bikotea garaile atera zelarik, Irantzu Etxebeste eta Naroa Agirreri 22-19 irabazita (partiduaren bideoa ikusteko sakatu HEMEN).

Asteazkeneko saioaren ondoren, asteburuan jardunaldi bikoitza jokatu zen, Erason eta Irurtzunen.

Larunbatean 100 urte betetzen dituen Erasoko plazan giro bikainean partidu ederra eskaini zuten hasteko Alaitz-Erika eta Uxue-Irati gazteek. Bi zatitan jokatu behar izan zuten, ekaitzak geldiarazi baitzuen une batez partidua. Ekaitzak bete-betean harrapatu zituen pilotariak baina horrek ez zuen jaialdia atzera bota, izan ere, herritarren laguntzarekin frontoia lehortu ta berriz ere jokatzeko prest agertu ziren.

Ekaitzaren ondoren egindako lanak merezi izan zuen, txapelketako lehian aritu ziren lau pilotariek eskaini ziguten partiduaz gozatzeko aukera egon baitzen, non Aldaregia eta Ruiz de Larramendi nagusitu ziren, Etxebeste-N.Agirreri 22-16 gailenduta.

Azkenik, igandean jokatu zen Plazaz Plazako azken neurketa Irurtzunen, bertan jendeak ere gozatzeko aukera izan zuelarik, gogotik txalotu zituztelarik jokatutako tanto ederrak. Emaitzari dagokionez, Agirre-G.Aldai bikoteak 22-13 irabazi zien Arrizabalaga eta Arrate Bergarari (azken honek Ane Mendibururen ordez jokatu zuen).

Plazaz Plaza Txapelketa

Berriki eskuzko emakume pilotari profesionalen aurreneko klubaren aurkezpena egin zuten Leitzan, eta abian jarri zituzten ekimenen artean antolatuko duten lehen txapelketa dago, Plazaz Plaza izenekoa, binaka jokatuko dena.

Ekainaren 4an eman zitzaion hasiera lehiaketari Leitzan eta toki berean amaituko da, abuztuaren 14an. Euskal Herrian jokatuko da ia osorik, baina Katalunian ere arituko dira pilotariak, Bartzelonan hain zuzen ere. Orotara hamazazpi partida jokatuko dituzte, hamahiru jardunalditan banatuta.

Zortzi bikotek lehiatuko dute Plazaz-Plaza txapelketa, eta bi multzotan banatuta arituko dira kanporaketetan. Talde edo multzoko onenak zuzenean finalerdietara sailkatuko dira (uztailaren 31n jokatzea aurreikusita dago), eta talde bakoitzeko bigarren eta hirugarren sailkatuek final-laurdenak lehiatuko dituzte uztailaren 24an eta 25ean. Finala, berriz, abuztuaren 14an izango da.