EUSKAL PILOTA

Pala Banakakoaren finalerdietako ligaxka hasi da

2021/02/22

Argazkiak: Innpala

Pala Banakako Txapelketaren finalerdietako ligaxkari hasiera eman zioten pasa den ostiralean, Bizkaia Frontoian, Ibai Perez vs. Iker Gordon eta Gaubeka vs. Fusto partiduak lehiatu zirelarik.

Aurreneko lehian, Ibai Perez faboritoa zen aurreko lehian Necoli irabazi ondoren, eta  sestaotarrak ez zuen hutsik egin, Gordoni 3-0 irabazita (10-2, 10-5, 10-4).

Hasi eta buka nagusitu zen Ibai Perez partidu piloteatuan eta txapelketaren hasierako zalantzak uxatuta, sekulako jokoarekin dagoela erakutsi zuen. Gordonek ordea (lesionaturiko Ibargarairen ordez sartu zen txapelketan) ez zuen partidu txarra jokatu baina oraindik modalitateko onenen mailatik urruti dago.

Bigarren norgehiagoka maila altuko lehia zen inondik inora, izan ere azken hamarkadetan txapela gehien lorturiko bi pilotari aritu ziren nor baino nor gehiago. Gaubeka eta Fustoren artean hamabi txapela eskuratuak dituzte honezkero, seina bakoitzak, eta ez zegoen faborito argirik.

Azkenean, Fustok eskuratu zuen garaipena, 87 minututan luzatu zen norgehiagoka zirraragarrian Gaubekari 2-3 irabazita (9-10, 10-9, 8-10, 10-4 eta 4-10). Partidua oso orekatua joan zen aurreneko hiru jokoetan baina amaieraldean pilatutako nekeak eragina izan zuen eta argentinarra orohar hobeto aritu zen.

Hartara, Ibai Perez zein Pablo Fustok argi utzi dute ostiraleko garaipenekin txapela eskuratzeko aurkari oso gogorrak izango direla eta dagoeneko puntu bat eskuratu dute finalerako sailkapenari begira. Hurrengo jardunaldian, Ibai Perez Fustoren aurka arituko da eta Gaubeka Gordonen aurka, partidu hauek Innpala eta Bizkaia Frontoiaren Facebook kanaletatik ikusteko aukera egongo delarik.

Pasa den ostiralean, otsailak 19, Bizkaia Frontoian jokaturiko partiduen emaitzak:

Ibai Pérez 3 Gordon 0

Gaubeka  2 Fusto  3

Otsailaren 27an, arratsaldeko 17:00etan Bizkaia frontoian:

Fusto vs Ibai Perez

Gaubeka vs Gordon

Martxoaren 5ean, arratsaldeko 18:30etan, Bizkaia frontoian:

Fusto vs Gordon

Gaubeka vs Ibai Pérez

Martxoaren 13an, arratsaldeko 17:00tan, Bzkaia Frontoian

Finala

Share This