EUSKAL PILOTA

Oriamendi Torneoa gaur hasiko da bi partidurekin

2021/01/28

Argazkiak:oriamendi2010

Pasa den asteartean aurkeztu zuten Oriamendi Torneoa Galarretan eta txapelketaren lehenengo jardunaldia gaur jokatuko da, urtarrilak 28, Hernaniko frontoian ateak itxita.  Master txapelketan aritu ez diren koadroko beste pelotari guztiak osatu dituzte bikoteak eta beraz guztira sei bikotek hartuko dute parte lehiaketan.

Zubirik Etxarrirekin batera jokatuko du eta txapelketan debuta ostegun honetan egingo dute, Mirubia eta Martirenaren kontrako norgehiagokan. Oriamendi Torneoan parte hartuko duten beste lau bikoteak ondorengoak dira: Segurola-Zaldua I.a, Goikoetxea V.a-Labaka, Urrutia II.a-Aizpuru III.a eta Zaldua II.a-Larrañaga. Gaurko jardunaldian jokatuko den beste partidua Zaldua anaien artekoa izango da: Zaldua II.a eta Larrañaga, Segurola eta Zaldua I.aren aurka arituko dira nor baino nor gehiago lehenengo puntuak eskuratzeko asmoz.. Beraz, aurreneko ostegun honetan atsedena dute Goikoetxea V.a-Labakak eta Urrutia II.a-Aizpuru III.ak.

Printzipioz, txapelketako partidu guztiak ostegunero jokatuko dira baina jendea egotea baimentzen bada larunbatera pasako lirateke jardunaldiak. Bi multzotan egongo dira banatuak sei bikoteak. A multzoan daude; Segurola-Zaldua I.a, Goikoetxea V.a-Labaka eta Zaldua II.a-Larrañaga. B multzoa berriz, honak bikoteek osatzen dute: Etxarri-Zubirik, Mirubia-Martirenak eta Urrutia II.a-Aizpuruk.

Multzo bakoitzeko bi lehenengoak pasako dira finalerdietara eta azkena kanpoan geratuko da. Lehenengo fasea otsailaren 11ra arte jokatuko da hiru jardunaldiko (bihar, otsailak 4 eta 11an) sei partidurekin. Jarraian, bi finalerdiak otsailaren 18an izango dira eta final haundia otsailaren 25ean.

Halaber, Oriamendi Torneoko norgehiagoka guztiak 40ra jokatuko dira eta aurreneko fasean betiko puntuaketa sistema erabiliko da.