MENDI LASTERKETAK

Oihana Kortazarrek hiru eguneko Sanabria Trail proba irabazi du

by | 2020/10/20

Argazkiak: Ultra Sanabria

Oihana Kortazarrek nagusitasun osoz irabazi du hiru eguneko Sanabria Trail proba

 

Mutrikun bizi den elgetarrak 11 ordu, 44 minutu eta 28 segundotan osatu du Zamorako kirol proba. Aroa Sio bigarren sailkatuari, esaterako, ia ordubeteko tartea atera zion. Galiziarrak 12 ordu, 40 minutu eta 4 segundo behar izan zuen proba amaitzeko. Lucinda Sousa hirugarren sailkatuak, aldiz, ia bi ordu beranduago amaitu zuen proba, brazildarrak 13 ordu, 35 minutu eta 56 segundotan osatu zuelarik ibilbidea.

Urriaren 16tik 18ra bitartean jokatu zen Zamoran Ultra Sanabria lasterketa. Parte hartzaileek 110 kilometro egin behar izan zituzten hiru etapatan banatuta, eta Oihana Kortazarrek guztira 11 ordu, 44 minutu eta 28 segundo baliatu zituen proba osatzeko.

Lehen etapa (34,7 km-koa, 2.150m-ko desnibel positiboa eta 2.140m-ko desnibel negatiboa) gogorra izan zen oso, batez ere, klimari dagokionez. Hotz handia egin zien, eta 2.000 metroko kotatatik goiti izotza topatu zuten. Kortazarrek 4 ordu, 1 minutu eta 3 segundotan amaitu zuen, bigarren sailkatuari, Aroa Siori, 9 minutuko aldea aterata.

Bigarren etapan, 43 kilometroko eta 2.220 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean, euskal lasterkaria aise gailendu zen. 4 ordu, 21 minutu eta 21 segundoko denborarekin, Siori 25 minutu atera zizkion.

Hirugarrena etapa erregina izan zen: 32 kilometro eta 1.640 metroko desnibel positiboa. 3 ordu, 22 minutu eta 4 segundotan amaitu zuen ibilbidea,  Siori berriro ere 20 minutuko aldea aterata.

Burumendi Mendizale Elkarteko kideak, gainera, etapa guztietan nagusitu zen, eta jokoan egon ziren hiru maillotak ere eskuratu zituen: sailkapen nagusiko urdina, jaitsierakoa eta mendikoa. Hortaz aparte, probako errekorra ere hautsi zuen.

Urriaren 29tik azaroaren 1era Azores irletan (Portugal) lehiatuko duen lasterketa prestatzeko baliatu du Kortazarrek Sanabriako proba. Sanabriakoak ez bezala, Azore uharteetan jokatuko denak lau etapa izango ditu. Proba hori, gainera, Golden Trail Championship-erako baliagarria da. Hots, munduko lasterkari sasoikoenetarikoak han izango dira.