EUSKAL SELEKZIOA/MENDI LASTERKETAK

Oihana Azkorbebeitiak hamargarren amaitu du Munduko Kopan

by | 2019/10/20

Argazkia: @EkaitzAnda

Azkorbebeitiak lehen hamarren artean amaitu du 2019ko Munduko Kopa

Limone Sul Garda (Italia) herrian amaitu den mendi lasterketetako Munduko Kopak, bi protagonista nagusi izan ditu; Sheila Aviles kataluniarra eta Ruy Ueda japoniarra. Biak ere, mendi lasterketetako munduko txapeldun amaitu dute. Hamasei lasterketa izan dituen egutegian, Oihana Azkorbebeitiak, lehen hamarren artean sailkatzea lortu du.

Euripean jokatu den Skymasters lasterketa bereziak, 70 partehartzaile inguru izan ditu gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Emakumeetan, lehia estua izan da lehen kilometrotik, 27 kilometro eta 2600 metroko desnibel positiboa zituen lasterketan. Borroka gogorra izan dute lasterketa irabazteko Denisa Dragomirrek eta Sheila Avilesek. Lasterketa Dragomirrek (3:36,55) irabazi du, Avilesen (3:39,13) eta Marcela Vasinovaren (3:51,35) aurretik. Aldiz, Aviles kataluniarra izan da Munduko Kopako garailea. Euskaldunetan, Oihana Azkorbebeitiak, urte guztian zehar erakutsi duen erregulartasuna agerian utzi du Italiako lasterketan. Helburu bakarra zuen abadiñoarrak lasterketaren bezperan; bederatzigarren postua mantentzea. Bederatzigarrenari ezin izan dio eutsi, baina hamargarrena eskuratzea lortu du. Azkorbebeitia zazpigarren izan da helmugan, baina gaurko puntuen bikoizketak, hamargarren postuan jarri du sailkapen orokorrean. “Uste baino gustorago aritu naiz lasterketan zehar. Helburua bederatzigarren postua mantentzea zen, eta naiz eta postu bat galdu, aurtengo helburua bete dut” adierazi du abadiñoarrak helmuga igaro bezain pronto. Maria Zorroza gernikarrak, bereak eta bi ikusi behar izan ditu lasterketan zehar. Hamabosgarren kilometroan izandako txakalaldi batek, hamabosgarren postuan amaitzera eraman du (4:15,50). “Ez nuen ezer galtzeko, eta arriskatzera atera naiz, baina azkenean asko sufritu dut txakalaldi bategatik. Gorputzari buelta ematea lortu dut, eta eskerrak horri! Gustora amaitu dut Munduko Kopa” azpimarratu du gernikarrak. Mayi Mujika legazpiarrak bere aldetik, lasterketa bertan behera utzi behar izan du lesio bat medio.

Gizonezkoen saila

EMF-FVMGizonezkoen lasterketak, izugarrizko lehia izan du hasieratik amaierara arte. Munduko Kopa irabazteko bi hautagai nagusiak ziren Ruy Ueda eta Oriol Cardonak azken kilometrora arte izan dute txapeldun izateko aukera. Helmugan, Ruy Ueda japoniarrak, 3 ordu, 3 minutu eta 15 segundo behar izan ditu lasterketa irabazteko. Atzetik, Cardona (3:03,27) eta Christian Mathys (3:08,12) izan ditu japoniarrak hurrenez-hurren. Munduko onenaren saria ere, Uedak eskuratu du Cardona kataluniarraren kaltetan. Euskal Selekzioko kideen artean, Ander Iñarra lezoarrak ezin izan du sailkapen orokorreko zazpigarren postua mantendu. Limoneko finalaren atarian izandako lesio batek ez dio bere onena ematen utzi, eta hogeita zortzigarren postuan amaitu du (3:40,11). Sailkapen nagusian, hamabigarren postura jaitsi da azkenean. “Goraka ondo joan naiz, baina aldapa behera hasten nintzenean oinez egin behar nuen. Lesioak ez dit utzi gehiago ematen” adierazi du atsekabetuta lezoarrak. Julen Martinez de Estibarizek bere aldetik, lasterketa polita osatzea lortu du. Arabarrak, hemezortzigarren postuan amaitu du lasterketa (3:22,29). “Gustora ibili naiz lasterketan. Oso sentsazio onak izan ditut, baina azken jaitsiera oso luzea egin zait. Erregulartasun falta izan dut Munduko Kopan puntu gehiago pilatzeko garaian” argitu du Martinez de Estibarizek helmugan.

Sheila Aviles ©MRSWS / Alexis Berg
Oriol Cardona eta Ruy Ueda ©MRSWS / Alexis Berg

Jokin Ibarra: “Euskal selekzioak merezi du?”

Jokin Ibarra: “Euskal selekzioak merezi du?”

Espero dezagun, itzulitakoan, aipatu medioak eta besteak egindako ezikusia nolabait konpontzea eta merezi duten arreta egitea, finean, kirol mailan K-1 modalitatea xumea izan arren, euskal selekzioaz ari garelako.