ELKARRIZKETAK/MENDI LASTERKETAK

Oihana Azkorbebeitia: “Euskal ikurrekin eta euskal herritar gisa joaten naiz leku guztietara”

2021/11/24

Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, 1981), albaitaria da lanbidez, baina mendi lasterketak ditu zaletasun. Izan ere, “txakurrak hartu eta mendira korrika joatea da nire oxigenoa “eta horretan dabil 2006a geroztik Mendioala auzoan hazitako abadiñar hau.

Nola hasi zinen kirol honetan?

Egia esan kasualitatez hasi nintzen. Umetan atletismoa egiten nuen, hasieran eskola-kirolean eta gero Durangoko Bidezabal taldean, baina 18 urterekin albaitaritza ikasketak egitera Zaragozara joan nintzen eta utzi egin nuen. 2006an koinatu azpeitiarrak, 21 kilometrotakoa zen Izarraitzeko mendi lasterketan parte hartzeko gonbitea egin zidan, eta oso gustura aritu nintzen. Harrez gero honetan ari naiz.

Munduko kopan 3. postua egin duzu? Nolakoa da kopa hau?

Iaz pandemia kontuagatik ez zen egin. 2019ko erreferentziatik gentozen eta pixka bat arraroa izan da, ez baita egoera guztiz normalizatu. Baina, tira, egin egin da.

Kopa munduan zehar, kontinente ezberdinetan dauden, 13 mendi probak osatzen dute. Baina egindako probetan  bakoitzak lorturiko bost menditako sailkapen onenak hartzen dira kontuan. Sailkapen bakoitzari puntuaketa bat ematen zaio, eta gehiketa horretatik ateratzen da sailkapen orokorra. Ni aurten hirugarren sailkapenik onena atera dut, eta 2019koan hamargarrena izan nintzen. Aurtengoan maila agian pixka bat baxuagoa izan da, baina oso pozik nago lortutakoarekin TOP 5 barruan sartzea helburu bainuen eta azkenean hirugarren egin dut.

Nolako prestaketa egiten duzu, Kopan parte hatzeko?

Egia esan, nire kasa aritzen naiz. Ez dut entrenatzailerik eta neuk antolatu behar izaten dut guztia. Nolako entrenamendua egin baino zailagoa egiten zait bizitzako beste kontuak ere planifikatu izan beharrak. Umeak ditut, albaitaritza lana eta abar, eta horiek uzten didaten tartearen baitan antolatu behar izaten naiz. Baina txakurrak hartu eta mendira korrika joatea baino gogo handiagorik ez dut izaten. Hori izaten da neuretzako momenturik onena. Oxigenoa ematen dit.

Ze laguntza duzue? Gastuak ere handiak izango dira eta.

Orain babesle bat dut, Merrell kirol arropa saltzailea, hain zuzen. Berak bidaiak eta egonaldiak  ordaindu eta batez ere kirol zapatilak eta ematen dizkit, oso garestiak izaten baitira, 150€tik gorakoak. Eta urtean dezente izorratzen ditugu. Geure kirol rankinegatik ere, proba askotan izena ematea doan izaten dugu.

2019a arte Euskal Selekzioan aritzen nintzen eta federazioak ordaintzen zigun. Azken batean, lehen federazioak laguntzen ninduen eta orain Merrell enpresak. Baina ni euskal ikurrekin eta euskal herritar gisa joaten naiz leku guztietara.

Ikusten zaitugun proba guztietan, nabarmena da zure euskaldun izaeraren aldarrikapena.

Bai, leku guztietan nabarmentzen dut euskalduna naizela, ikurrina neurekin eramaten dut, eta espainolen ikurrak egoten diren lekuetan, gureak haien pare edo haien gainetik egon daitezen saiatzen naiz.

Ze lorpen berezi dituzu zure ibilbidean eta ze asmo berri?

Oraintxe lortu dudana, 3.a Munduko Kopan inportantea da. Baina proba zoragarria den Zegama-Aizkorrin podiuma lortutakoa naiz 2011ean, eta Munduko Kopako proba bat irabazitakoa ere banaiz 2016an.

Aurrerantzean ikusiko dugu, urteetan ere aurrera noa eta. Baina jarraitzeko asmotan nabil. Munduko Kopa, proba luzetxo eta gogorrak, txispa gutxiago eskatzen dutenak… ikusiko dugu.

Eskerrik asko Oihana, eta zorionak!