WATERPOLO

«Ohorezko Mailan munduko jokalari onenekin arituko gara»

by | 2020/06/09

Leioako emakumezkoen waterpolo taldea: «Ohorezko Mailan munduko jokalari onenekin arituko gara»

Leioako emakumezkoen waterpolo taldea Espainiako Ohorezko Mailara igo berri da. Horretaz aritu gara Jon Lopez, taldeko entrenatzailearekin eta Virgina Cobos kapitainarekin.

Ezer baino lehen aurkeztu iezaguzue zuen kluba.

J.L. Izenak dioen moduan Leioako waterpolo kluba gara. Aspalditik lantzen dugu modalitate hau. 1999az geroztik. Eskola bat ere badugu eta bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan lehiatzen duten taldeak ditugu. Emakumezkoena oso indartsua da. 2009tik Lehen Mailan dago. Lehen maila deitzen zaio, baina berez bigarren maila da, aurretik beste maila bat dagoelako, ohorezkoa deitzen zaiona.

Zer da orain lortu duzuena?

V.C. Egia esan ez dakit oraindik asimilatua dudan lortu duguna. Urte askotako lana da. Egia da, lehen aldia da erronka honetan ibili garela. Denboraldiaren lehen zati osoan partidarik galdu gabe aritu ginen; bakara berdindu genuen, eta txapelketa bertan behera gelditu zenean bigarrenak gindoazen. Esperientzia itzela da hau edozein kirolarirentzat, eta hurrengo urtean munduko jokalari onenen mailan arituko garela jabetzea itzela da.

Estatu espainoleko Ohorezko Mailara igo zarete, baina ze maila du Espainia estatuko waterpolok?

J.L. Virginiak esan duen moduan, gu Ohorezko Mailara igo gara, baina kontuan izan behar da Estatu Espainoleko liga munduko onenetarikoa dela. Urrutira begiratu gabe, Europako egungo txapelduna da Espainia. Lorpenak beraz, balio bikoitza du.

Oraingo krisi honek ez dakigu ze ondorio izango dituen baina talde asko kanpoko fitxaketak egiten dituzte, eta esan dezakegu munduko talderik onenen aurka arituko garela.

Herri handi batekoak zarete, baina azken batean herri batekoak, Madrid eta hainbatekin konparatuz gero. Nola mantentzen da horrelako proiektu bat?

J.L. Ez dut uste herri handi batekoak garenik. Leioak 30.000 inguru biztanle ditu. Ohorezko Mailan arituko garen herri txikiena izango gara. Talde asko Bartzelona ingurukoak dira… Konparatu gurea Sabadell edo Terrasa edo horrelako herriekin.

Zelan egingo dugun? Auskalo, agian Virginiak izango du soluzio magikoren bat… baina momentuz honaino ekarri gaituen errezeta magikoarekin: ilusio handia, lan asko eta sormena. Gauza berriak sortu behar dira. Lana eta ilusioarekin tematuko gara.

V.C. Egoera berriak noski ikara puntu bat ematen digula. Talde txikia gara, ilusioarekin arituko gara. Baina hori bera izan da gure ezaugarri nagusia. Ilusioa, ehuneko ehuna ematea, eta horretan arituko gara.

Zuek zuen bidea egin duzue. Zuen garaipena lortu duzue. Baina gizarteari zer eskatuko zeniokete?

J.L. Guk duintasunez lehiatu nahi dugu. Ez dugu ezer berezirik eskatzen. Ez fitxaketarik ez ezer berezirik… Baina duintasunez lehiatzeko eskatzen dugun gauza bakarra igerileku egokia da. Beste kirol batzuetan aritzen direnei arraroa egingo zaie. Baina oso igerileku egoki gutxi dugu Bizkaian eta waterpolon aritzeko gutxiago. Adibidez ez dago igerileku olinpikorik Bizkaian. Gasteizen badago. Iruñean badago, Bizkaian ez dago. Ez dugu ezer arrarorik eskatzen, duin lehiatzeko azpiegiturak. Igerileku egokiak edo horietan entrenatzeko aukerak. Guztiei hori eta hori besterik ez diegu eskatzen.

Euskal Herria Kirolaren ikuspegitik Euskal Selekzioaz ere aritu nahi genuke.

V.C. Hementxe aurrean duzue, Euskal Selekzioaren entrenatzailea. Jon Lopez. Egia da urte askotan ez dela gauza handirik egin, baina ekintza berreskuratu da. Lehiaketa berriak egin dira, orain hiru urte joan ginen Oportora. Baina Jonek azalduko dizu hobeto.

J.L. Egia da, Virginiak esan duen moduan, urte mordoxka egon da ezer egin gabe. Eta orain hiru urte Oporton jokatu genuen Portugalen kontra. Oso partida polita izan zen eta irabazi genuen. Iaz Mexikon egon ginen. Finala jokatu genuen eta azkenean penaltika galdu. Baina gure selekzioak maila polita azaldu zuen. Aurten maiatzean Txekiara joatekotan ginen txapelketa interesgarria jokatzera, baina azkenean gauzak izan diren moduan ez dugu jokatzerik izan… Ea datorren urtean edo al den azkarren jokatzerik dugun.

KIROLA ETA EUSKARA