HERRI KIROLAK

Nafarroako ingude eta hirugarren mailako aizkora txapelketak jokatu dira

by | 2021/09/14

Argazkiak: egursport.com

Nafarroako ingude txapelketak eta hirugarren mailako aizkora txapelketa jokatu zituzten pasa den larunbatean, irailaren 11n Berako Eztegara pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketan bost aizkolarik neurtu zituzten indarrak, bi 45 ontzako eta bi kanaerdiko moztu behar izan zituztelarik: Endika Goia, Victor Suarez, Jacinto Etxekonanea, Iker Gorriti eta Josu Santamaria. Azkenean Iker Gorriti nagusitu zen (10´29´´) eta bigarren Josu Santamaria izan zen (10´47´´), biek lortu zutelarik mailaz igotzeko  txartela. Atzetik Victor Suarez (12´07´´), Endika Goia (12´18´´) eta Jacinto Etxekonanea (13´20´´) sailkatu ziren.

Emakumezkoen ingude altxatze txapelketan, minutu eta erdian 9 kiloko ingudearekin aritu ziren bost herri kirolari: Maika Ariztegi iturendarra, Esti Gastearena sunbildarra, Xanta Sousa lesakarra, Nerea Sorondo beratarra eta Antsoaingo Irune Biurrun. Maika Ariztegi izan zen txapelduna 94 jasoaldi eginda, bigarren Esti Gastearena sailkatu zen 85 jasoaldirekin, hirugarren Irune Biurrun  (84 jasoaldi), laugarren Xanta Sousa  (83 jasoaldi) eta bosgarren lekuan Nerea Sorondo geratu zen 81 jasoaldirekin.

Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin aritu ziren, minutu eta erdian, lau partehartzaile izan zirelarik lehian: Josetxo Urrutia leitzarra, Antsoaingo Iosu Marturet, Berriozarko Imanol Martin eta Guadalajarako (Espainia) Angel Albarran. Urrutiak Nafarroako txapela bederatzi aldiz irabazia zuen, inork baino gehiago eta Euskal Herriko txapeldun ere izana da baina honakoan ezin izan zuen garaipena erdietsi, izan ere, bigarren geratu zen 83 jasoaldi eginda, Iosu Martureten atzetik (87 jasoaldi).

Emakumezkoen Nafarroako Ingude Txapelketa

Maika Ariztegi  94 jasoaldi

Esti Gastearena  85 jasoaldi

Irune Biurrun  84 jasoaldi

Xanta Sousa  83 jasoaldi

Nerea Sorondo  81 jasoaldi

Gizonezkoen Nafarroako Ingude Txapelketa

Iosu Marturet  87 jasoaldi

Josetxo Urrutia  83 jasoaldi

Imanol Martin 79 jasoaldi

Angel Albarran  73 jasoaldi

Nafarroako III. mailako Aizkora Txapelketa

Iker Gorriti  10 minutu eta 29 segundo

Josu Santamaria  10 minutu eta 47 segundo

Victor Suarez  12 minutu eta 07 segundo

Endika Goia 12 minutu eta 18 segundo

Jacinto Etxekonanea  13 minutu eta 20 segundo