HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Mikel Larrañagak eskuratu du finalerako hirugarren txartela

by | 2020/07/27

Argazkiak: egursport.com

Urrezko Aizkolarien finalean izango da Mikel Larrañaga, Beizaman jokatutako finalerdian Eneko Otaño mendean hartu ondoren

 

Pasa den larunbatean, uztailak 25, Beizamako Illaunpe pilotalekuan, Egur Sportek antolatutako txapelketen beste jardunaldi bat jokatu zen arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketan, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aritu ziren nor baino nor gehiago, lehiaketaren hirugarren eta azken finalerdian.

Azkenean, Mikel Larrañagak eskuratu zuen finalerako txartela, azpeitiarrak 21 minutu eta bederatzi segundotan amaitu baitzituen bere lanak (erloju kontra 59´´, abiadurazkoan 2´42´´eta lanerdira 17´28´´), Eneko Otaño beizamarrak aldiz 56 segundo gehiago behar izan zituelarik (erloju kontra 1´12´´, abiadurazkoan 2´35´´eta lanerdira 18´18´´.

Hori dela eta, datorren igandean, abuztuak 2, Aian jokatuko duten finalean (12:00) izango da azpeitiarra, bertan Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a aurkari izango dituelarik. Iaz ere hiru aizkolari horiexek neurtu zituzten indarrak finalean, eta Vicente nagusitu zen.

Hiru Hamarreko Harri-jasotzaile Txapelketako neurketan, Mikel Lopetegi “Urra”-k 42 jasoaldi egin zituen (zilindrikoari 20, kubikoari 14 eta bolari 8)  eta Urdax Magunazelaiak, bi gehiago, 44 (zilindrikoari 18, kubikoari 13 eta bolari 13).

Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketan parte hartu zuen Karmele Gisasola Zelai III.ak. Guztira 49 jasoaldi egin zituen, 63 kiloko zilindroari 20 altxaldi eman zizkion, pisu bereko kubikoari 9, eta bolari 20.

XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:

Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika. Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.

Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:

Sei harri-jasotzailek parte hartuko dute lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia. Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatuko da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).

Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:

Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honakoak izango dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin arituko dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin arituko dena.