ELKARRIZKETAK/ATLETISMOA/KIROL MARKAK

Mikel Garcia, 800 zein 1500 metrotan munduko atletismo txapeldunarekin elkarrizketa

2022/03/10

Mikel Garcia Agirrezabal (Bilbo, 1996), Down-en sindromea duten beste pertsona batzuekin batera, bideak irekitzen ari den gaztea da. Umetatik izan du kirol zaletasuna eta diziplina ugari landu ditu. 2015ean atletismoa deskubritu zuen Javi Conde, estatuko atleta paralinpikorik onena eta bi zilar lortutakoaren eskutik. Orain, bertako klubean aritzen da eta  maila goreneneko atleta bihurtu da. 2021eko ekainean, 800 eta 1500 metroetan munduko txapeldun izan zen. Gurekin izango dugu, kirolerrekorrak.eus webgunea aurkezten, martxoaren 26an, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.

Izan ere, Euskal Herria Kirola elkarteak kirol errekorren gaineko webgune berri bat jarriko dugu sarean aurki eta proiektuaren aurkezpen ekitaldian Mikel ere bertan izango da, beste kirolarien artean, euskal herritarraren markak munduko errekorrak izatearen harrotasunarekin.

Egun on Mikel. Atleta gisa egin duzun ibilbidean, mundu mailako marka handiak lortu dituzu. Zein dira garrantzitsuenak eta nolakoak izan ziren?

1500ean eta 800ean, Brisbaneko Global Games eta Bydgoszcz-en lortutakoak dira garrantzitsuenak. Hauek dira gehien gustatzen zaizkidan probak. Nazioarteko txapelketak oso gustuko ditut. Zailena ondo entrenatzea da sasoian iristeko, eta batzuetan pixka bat urduri jartzen naiz txapelketetan.

Kirol arrakasta horiek lortzeko, aldez aurretik lan handia egin behar da. Nola prestatzen zara helburu horiek lortzeko?

Entrenatzaileek esaten didatena egiten dut beti. Neure burua egurtzea eta gogor aritzea gustatzen zait. Janaria asko zaintzen dut eta atseden uneak ere kontutan hartzen ditut. Konzentratuta egoten saiatzen naiz.

Txapelketa garrantzitsuen aurretik, Ezkarain, altueran entrenatzen naiz eta, esaterako, Australiara joan aurretik, gauez entrenatu nintzen hango orduetara ohitzeko.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?

Hurrengo txapelketa garrantzitsua Espainiako kros txapelketa izango da larunbatean, martxoaren 12an, Lapatzan. Ondoren, Espainiako pista-txapelketa Madrilen eta, batez ere, aurtengo Europako txapelketa Polonian. Txapelketa ona egin nahi dut, eta selekzioko jendeaz gozatu.

Zure marka onenak atletismoan dira, baina beste kirol batzuk egin dituzu eta beste diziplina batzuetan ere marka onak dituzu. Non?

Igeriketa eta eskalada egin ditut. Gimnasioan gogor aritzea  ere gustatzen zait, baina orain ez dut asko egin behar. Nolanahi ere, gehien gustatzen zaidana atletismoa da.

Kirol-ibilbide luze horretan, gogoan izango dituzu kirol eta giza oroitzapen zoragarriak. Zein azpimarratuko zenuke?

Onena klubean eta selekzioan lagunak egitea da. Nazioarteko lehen txapelketa Australiakoa izan zen, eta asko gozatu nuen kideekin. Gainera, kanguruak, koalak, sugeak eta abar ikusi ahal izan nituen.

Baina une latzak eta tristeak ere egon dira. Zein gogoratzen duzu bereziki?

Unerik gogorrenak lesioak dira, batez ere udazken honetan, eskuineko orkatila zizelkatu baitzidaten. Ez dut berriro gertatzea nahi, errekuperatzea asko kostatzen delako eta larritu egiten nauelako.

Zer gehiago gustatuko litzaizuke gehitzea edo esatea?

Asko gustatuko litzaidake Joko Paralinpikoetara joatea, baina Down sindromearen kategoriak ezin du parte hartu. Hori aldatu egin behar da.

Ni bezalako jende gehiagok lehiatzea gustatuko litzaidake, eta horrela maila handiagoa izatea. Urte asko eman nahi ditut lehiatzen eta selekzioan, eta amaitzen denean kirola egiten jarraituko dut.

Eskerrik asko Mikel, eta martxoaren 26ra arte.