MENDIA

Mendiko zinemagintza onenaren urteko hitzordua Iruñean otsailaren 8tik 11ra

by | 2021/02/07

Argazkiak: mendifilm

Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Iruñeako Golem Baiona zinemetara itzuliko da otsailaren 8, 9, 10 eta 11ean. Mendi Tourrak 6. edizioa ospatuko du Nafarroako hiriburuan, mendi zinemagintzaren urteroko hitzordua bilakatu da, eta saioetara bertaratzen direnek gaitegi horretako pelikula onenekin eta berrienekin gozatuko dute berriz ere.

Mendi Tour 2021 zirkuituko lehen hitzorduetako bat da Iruñeakoa. Donostia eta  Zangotzan eskaini diren aurreko saioetan edukierak osatu dira, mendiko zinemagintzak tiradizo handia duela eta inspirazio iturri dela erakutsiz, areago pandemia garaiotan.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioko 11 film eskainiko dira. Azpimarratzekoa da horietatik 8 Mendi Film jaialdian saritutakoak direla, hau da, hango palmaresaren zati handi bat dakar Iruñeako aurtengo programazioak.

Hillary – Ocean to Sky, Everest – The Hard Way, Out of the Blue,… zinema-titulu handiekin batera, izen handiko zuzendariak nabarmentzen dira, hala nola Michael Dillon, Pavol Barabas, Seb Montaz edo Mike Douglas & Anthony Bonello tandema.

Horrez gain, hiru euskal ekoizpen daude:

-Arriesgarse a Vivir, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Juanjo San Sebastián, Nives Meroi eta Romano Benet bezalako alpinistekin. The Walk On Project Fundazioaren produkzioa da, Santiago Ron zuzendariarena.

-Mendian Hil, Hirian Hil Iñaki Peña zuzendari eta zainketa aringarrien mediku espezialistaren lana, Euskarazko Film Onenaren Saria irabazi zuena Mendi Filmen.

-Mikel Sarasola kayaker donostiarrak zuzendutako The Tears of Shiva.

Egun bakoitzeko bina saio eskainiko dira, 17:30ean hasita lehena, eta 20:00etan bigarrena, bietan pelikula berdinekin. Sarrerak on-line eskura daitezke www.golem.es webgunean nahiz  www.mendifilmfestival.com webguneko esteketan, eta baita zinemetako leihatilan bertan ere. Lau eguneko bonoak 20€ balio du, eta bakarkako sarrerek 6€. Aretoko aforoa mugatua izango da, eta osasun-prebentzioko neurriak hartuko dira aretora sartzean.

EGITARAUA:

Otsailak 8 astelehena (17:30 eta 20:00)

Antxon Arzaren oroimenean

THE TEARS OF SHIVA: Mikel Sarasola kayakista eta zuzendari donostiarraren lana. Nepalgo Karnali ibai sakratuan barna eginiko espedizioa, haren kontserbazio aldarria buruan dela.

L’ESCALADE LIBÉRÉE: Mendi Film 2020 Epaimahaiaren Saria Antoine Le Menestrel eskalatzaile mitikoaren bizitza eta pentsaera.

EVEREST – THE HARD WAY: Mendi Film 2020 Ikusleen Saria Everesteko biderik zailenean burututako muturreko erronka alpinoa, britainiarrek 1975ean zabaldutako “The Hard Way” bideari estilo alpinoan ekin zion 1988ko esloveniarren espedizioa.

Otsailak 9 asteartea (17:30 eta 20:00)

EL GRAN HITO: Mendi Film 2020 Film Labur Onena Stop-motion teknikaz landutako animazioa. “ViaCruxis”-en sortzaile Ignasi López-en lan berria.

HARDA THE TOUGH: Mendi Film 2020 Zuzendari Onena – Marcin Polar Poloniako Tatra mendietako Harda haitzuloan muturreko espeleologia.

FREE AS CAN BE: Mendi Film 2020 Eskalada Film Onena “Free Rider” Yosemiteko El Capitan horman, eta hura era askean eskalatzeko eginahalean bat egingo duten belaunaldi desberdineko bi lagun, tartean Mark Hudon legenda.

ARRIESGARSE A VIVIR: The Walk On Project fundazioaren baloreak alpinista eta atleta ezagunengan irudikatuta: Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Juanjo San Sebastian, Nives Meroi, Romano Benet, Didac Costa…

Otsailak 10 asteazkena (17:30 eta 20:00)

OUT OF THE BLUE: Mendi Film 2020 Epaimahaiaren Aipamen Berezia

Suitzako Oberland mendietan odisea bertikal liluragarria: highline, akroyoga, spacenet, zapi aereoak, parapentea, windsuitak…

MENDIAN HIL HIRIAN HIL: Mendi Film 2020 Euskerazko Film Onena Zaintza aringarrietan espezialista den Iñaki Peña medikuak hausnarketarako gonbitea egiten du: zenbateraino eta zertan da desberdin heriotza mendian eta hirian? Era batera edo bestera, senide edo lagun maitatuak galdu dituztenen testigantzak.

Otsailak 11 osteguna (17:30 eta 20:00)

CHARGE 2: irudi eta akzio uztartze ikusgarria konbinazio potente batetik eratorria: muturreko eskiatzaileak eta haiekin dabilen munduko drone gidari txapelduna.

HILLARY – OCEAN TO SKY: Mendi Film 2020 Sari Nagusia Edmund Hillaryren azken espedizio handia: Ozeanoko uretan abiatu zen espedizioa, Ganges ibai sakratuko uretan gora motordun txalupetan nabigatu eta Himalayako Akash Parbat menditzarrean amaitzeko.

*Jatorrizko Bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, azpitituluekin