EUSKAL SELEKZIOA/MENDI LASTERKETAK

Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa Munduko Kopan

2019/04/16

[irekia.eus]   Mendi lasterketetako Euskal Selekzioko bost kirolarik parte hartuko dute Japoniako Mt.Awa Skyrace proban, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker

Donostia, 2019.04.15

Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa Japoniara abiatuko da aste honetan Mt. Awa Skyrace txapelketan parte hartzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker, Oihana Azkorbebeitiak, Ander Iñarrak, Julen Martinez de Estibarizek, Maria Zorrozak, eta Mayi Mujikak parte hartuko dute punta-puntako proba horretan. Japoniako proba kontuan hartuta, Euskal Selekzioa Munduko Kopako hamaika probatan izango da aurten gure mugetatik kanpo.

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Mendizale Federazioak eta Euskal Selekzioak elkarlan horren nondik norakoak azaldu dituzte gaur, Donostian egindako aurkezpen batean. Han izan dira, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria, Jon Redondo; Euskal Mendizale Federazioko presidentea Joserra Alonso; Federazioaren zuzendari teknikoa, Irati Anda; Euskal Selekzioaren hautatzaileetako bat, Iñaki Uribe-Etxebarria; eta Euskal Selekzioaren kide den Oihana Azkorbebeitia. Azpimarratu dutenez, bidaia, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Mendizale Federazioaren arteko lankidetzari esker izango da posible eta baliagarria izango da Euskal Selekzioaren ibilbidea sendotzen jarraitzeko.

19 urtez

Jon Redondok goratu nahi izan du Euskal Selekzioa egiten ari den bidea: “Eusko Jaurlaritzak lan egiten du nazioarteko onarpen ofiziala duten federazioak eta selekzioak gero eta gehiago izan daitezen. Euskal Mendizale Federazioa onartuta dago Nazioarteko Mendizale Federazioan; ahotsa dauka, baina ez botoa. Horri balioa eman behar diogu eta pausoak eman behar ditugu botoa ere izan dezan. Horrez gain, gero eta sona handiago duten mendi lasterketetan badugu gure Euskal Selekzioa, orain dela hemeretzi urte jaio zen eta ibilbide bikaina egiten ari dena. Eusko Jaurlaritzak lan egin behar du proiektu hori sustatzeko eta indartzeko”.

Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Mendizale Federazioaren arteko akordioari esker, Munduko Kopakon proba ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute Euskal Selekzioko kideek.

Hitza hartzen hurrena, Joserra Alonso Euskal Mendi Federazioko presidentea izan da. “Euskal Mendizale Federazioarentzat Eusko Jaurlaritzaren babes honek garrantzia handia dauka; izan ere, hainbat urteotako lan-ildo bat aitortzen du, euskal kirolarentzat hainbat arrakasta ekarri dituena, horietako asko nazioartean. Gainera, momentu zail batean etorri da, desadostasunak ugaritu baitira Espainiako CSDarekin. Erakunde honek kirolaren legeak urratu eta gatazka bat sortu du atletismo eta mendi federazioen artean. Gogoratu behar dugu mendi lasterkertak Federazioa bera jaio zenean sortu zirela eta modalitate honek baduela nazioarteko aitortza kluben eta elkarte antolatzaileen lanaren kalitateari esker. Euskal Selekzioa talde bezala parte hartzeko onartu izan zen eta nazioarteko egutegi ezberdinetan izateko eskubidea onartu zitzaion”.

Euskal Mendizale Federazioaren izenean, Irati Anda zuzendari teknikoak ere hartu du hitza. Bi urte daramatza Andak zuzendari tekniko gisara federazioan : “Mendiko lasterketen gorakada uka ezinezko zerbait da, eta diziplina ezagunena lineako modalidadea da. Bertan korrikalari bikainak ditugu eta bide horri jarraituz Euskal Mendizale Federaziotik gainontzeko modalidadeak indartzeko konpromezua dugu, alegia, bai ultra modalitatea, zein kilometro bertikaleko selekzioak indartzea. Babesleei esker, geroz eta korrikalari gehiago ditugu.”

Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzailea, ez da Japonen izango, baina bere balorazioa ere egin du mendi lasterketetako Euskal Selekzioaren inguruan: “Euskal Selekzioak, azken urteetan bezala, mendi lasterketetako Munduko Kopan parte hartuko du, munduan barrena hainbat lasterketa ezberdinetan lehiatuz. Aurreko urte batzuetan, taldeak punta-puntako emaitzak lortu izan ditu, hainbat korrikalarik podiuma zapaltzeraino, eta bukaerako sailkapenean ere goiko postuetan sailkaturik. Aurtengo gure erronka nagusia ere hau izango da, sailkapen orokorrean ahal den eta posturik onena lortzea”. Munduko Kopan Euskal Selekzioaren izenean arituko direnen zerrenda ere aipatu du Uribe-Etxebarriak. “Oihana Azkorbebeitia, Ander Iñarra, Hassan Ait Chaou, Mayi Mujika, Maria Zorroza, Julen Martinez de Estibariz, Iban Letamendi, eta Nahia Quincoces izango dira. Guztiak ere aldez aurretik Munduko Kopan ibilitakoak dira eta aurten ere seguru emaitza bikainak jasoko ditugula”.

Era berean, Euskal Selekzioko korrikalari den Oihana Azkorbebeitiak adierazi du: “Aurten ere Euskal Herriko Mendi Lasterkarien selekzioarekin munduko kopa egiteko asmoa dut. Kopako lehen proba Japonen izango da aurten eta zorionez bertara joateko aukera dugu. Niretzako beste kontinente batean korrika egitea erronka berri eta zirraragarri bat da eta horrela bizitzea espero dut. Ordu aldaketa, klima aldaketa… Faktore berri asko izango ditugu lasterketan eta seguru eragina izango dutela gure errendimenduan. Betiko lez ahal dugun lasterketa txukunena egiten saiatuko gara eta batez ere ahal den neurrian gozatzen. Japonen hasiko dugu abentura eta dena ondo bidean urrian bukatuko dugu final handian. Bidean Frantzian, Italian eta Europako beste herrialde batzutan jokatuko diren kopako hainbat lasterketa egingo ditugu”.

Japoniako proba

Mt. Awa Skyrace lasterketa munduko mendi lasterketa garrantzitsuenetako bat da. Urtero, mundu guztitik etorritako hainbat lasterkarik parte hartzen dute. Ibilbideak, 31 kilometroko luzeera eta 2000 metroko desnibel positiboa du.

Munduko Kopako mendi lasterketen egutegia

Apirilak 21: Mt Awa. Japon
Maiatzak 11: Transvulcania. Kanariar Uharteak
Maiatzak 19: Skyrace des Matheysins. Frantzia
Ekainak 15. Livigno skymarathon. Italia
Ekainak 29. Olympus marathon. Grezia
Uztailak 14: Buff Epir Trail. Kataluinia
Uztailak 28. Skyrace Comapedrosa. Andorra
Abuztuak 23. Matterhorn Ultraks. Suitza
Irailak 15. Zacup Skyrace. Italia
Urriak 5. Sky pirineu. Kataluinia
Urriak 19. Finala. Italia