MENDI LASTERKETAK

Maddi Marquet eta Ander Garcia garaile Lekeitioko Triatloian

by | 2021/10/13

Argazkiak: triatloi.org

28 . Lekeitioko Triatloia lehiatu zuten pasa den larunbatean, urriak 9, 16:00etan hasita

 

Garraitz Kirol Taldeak antolatzen duen triatloia igeriketa probarekin hasi zen eta 750 metro igerian egin ondoren, 21 kilometro egin zituzten bizikletan. Azkenik, herri barrutik, korrika 5 kilometroko ibilbidea osatu zuten helmugaraino.

16:00etan puntu-puntuan hasi zuten emakumeek 28. Lekeitioko triatloia, eta ordu laurden beranduago gizonezkoek, guztira 387 triatletek parte hartu zutelarik. Horietatik 89 emakumeak, inoizko gehienak.

Pandemia egoera dela eta, soilik Espainiako zein Euskal herriko triatletak izan dute Lekeition lehiatzeko aukera eta azkenean Maddi Marquet eta Ander Garciak irabazi zuten triatloiaren 28. edizioa. Aitana Abalosek eta Claudia Martinezek osatu zuten emakumeen podiuma eta Joanes Goitisolok eta Ruben Ruzafak gizonezkoena.

Emakumeen lehian,  Aitana Abalosek egin zuen azkarren igeriketa proba, baina gero bizikletan Marquetek aurrea hartu zion, eta korrikako lehen metroetan alde nabarmena aterata, ez zuen arazorik izan bakarrik helmugaratzeko, 01.11.22ko denbora eginda. Abalos (Yepa Triatloi Kluba) sartu zen bigarren, irabazlearengandik minutu 1 eta 31 segundora eta Trikideak taldeko Claudia Martinez izan zen hirugarrena.

Gizonezkoetan berriz, ordubeteko kronoa (01.00.31) markatu zuen Ander Garciak (Alusigma Peñota). Bigarren atera zen uretatik, bizikletako saioan onenekin egon zen eta azkenean korrikako 5 kilometroak 15.29ko denboran eginda, bakarrik sartu zen helmugan 23 urteko gasteiztarra. Irabazlearen taldekide Joanes Goitisolo gernikarra izan zen bigarrena helmugan eta hirugarrena Ruben Ruzafa valentziarra (hainbat alditan Xterra edo triatloi kroseko munduko txapelduna izan dena).