SASKIBALOIA

Lointek Gernikak Valentzian jokatuko du Eurocup txapelketako multzoen fasea

2021/01/02

Argazkiak: gernikasaski.com

Urriaren erdialdera hastekoa zen multzoen fasea baina Nazioarteko Federazioak (FIBA) osasun egoeraren bilakaeraren arabera bestelako lehiaketa formatoen aukera aztertzen hasi zen eta azkenean indarrean jarri du lehiaketa eredu berri hau.

Osasun arrisku oro ekiditeko, egoitza bakarrean jokatzea erabaki zen ta sei partida izan beharrean hiru jokatzeko hautua hartu zuen txapelketaren antolakuntzak. Orain jakin denez, Valentzia izango da norgehiagoka hauek jokatzeko egoitza, izan ere, azken hilabeteotan burbuila formatuan garatutako lehiaketak antolatzeko eskarmentua daukate hantxe.

F multzoko hiru aurkarien kontra arituko da Lointek Gernika taldea, partida bakarrera eta sei egunen  buruan, emaitza hauen ondorioz sailkapeneko aurreneko bi postuetan geratzen diren taldeak hurrengo fasera pasatuko direlarik.

Urtarrilaren 19an, asteartea, izango da gernikarren aurreneko partidua, La Roche Vendee talde frantziarraren aurka, urtarrilaren 20an Frantziakoa ere den  Flammes Caroloren aurka neurtuko da, eta azkenik 22an Ciudad de Laguna espainiarraren kontra jokatuko du.

Ondorengo kanporaketak ere burbuiletan jokatuko dira partida bakarrera, hiri bakoitzak adar bereko bi norgehiagoka hartuko dituelarik. Gainera, Eurokopako aurtengo edizioan ez dira sartuko Euroligatik kanporatutako taldeak eta beraz, laburtu egingo dira lehiaketaren epeak. Horrela, final-zortzirenak eta finalaurdenak martxoaren 14tik 18ra jokatuko dira, eta bigarren burbuila horretatik irtengo dira Lauko Finalean parte hartuko dutenak. Lauko Final Four hori ere egoitza bakarrean lehiatuko da, apirilaren 9tik 11ra.

Aurkari gogorrak izango ditu aurrez aurre Lointek Gernikak

Abuztuan, Munichen egindako zozketak ez zion berri onik ekarri Lointek Gernika Bizkaia taldeari, izan ere, Europako emakumezkoen bigarren mailako txapelketan multzo gogorra egokitu zitzaion.

Gernikarrak laugarrenez lehiatuko dira Europako mailako bigarren kategorian, eta multzoen fasean hasiko dute zuzenean txapelketa, azkeneko emakumezkoen Endesa Ligan hirugarren postua eskuratu izanagatik.

Esan bezala, Eurokopako ligaxkan, F multzoan aritzea egokitu zitzaion Gernikari, non aurkari indartsuak izango dituen aurrez aurre: Frantziako Flammes Carolo eta La Roche Vendee taldeak, batetik; eta Espainiako Ciudad de la Laguna Tenerife, bestetik (abenduaren 16an Kangoeroes Basket Mechelenen aurkako kanporaketa irabazi eta gero).

Flammes Carolo taldea, Charleville-Méziéres herrikoa (Ardenas), Frantziako ligako hirugarren postuan zegoen martxoan lehiaketa eten zenean, 17 partidetan 10 garaipen erdietsita. La Roche Vendée, La Roche-sur-Yon herrikoa (Vendée departamendua) zazpigarrena zen sailkapenean, zortzi garaipen eta bederatzi porrotekin. Gernikarren hirugarren aurkaria, Tenerife talde espainiarra, zortzigarren postuan amaitu zuen Endesa Ligan (hamaika garaipen eta beste horrenbeste porrotekin).