KIROLA

Kirola… etxean

by | 2020/03/17

Pandemiaren eragina kirolean

SARS-CoV-2 birusaren pandemiaren hedapen azkarraren ondorioz, Espainiako eta Frantziako gobernuek neurriak ezarri dituzte birusaren aurrerapena geldiarazteko. Eragin zuzena izango du kirola jardueretan.

Alarma sanitarioak Euskal Herriko kirola ere hartu du tartean. Lehenengo neurria izan da publikorik gabe aurrera jarraitzea, baina hemendik aurrera bertan behera geldituko dira kirol jarduera oro datozen asteetan, pandemia kontrolatzeko asmoarekin.

Larrialdi egoera

Birusa duen pertsona batek beste pertsona batzuei transmititu diezaieke, sintomarik ez badu ere. Horregatik hedatzen da hain azkar birusa.

Adituen ustez, onena beste pertsona batzuekin kontakturik ez izatea da, hedapena are handiagoa izan ez dadin. Horrela, kutsatzeko abiadura murriztea espero dute, eta neurri horiek birusari eusten eta bizitzak salbatzen laguntzea.

Gobernuak herritarrei eskatu dien neurri nagusietako bat etxean geratzea, pilaketak saihestea eta kalera ateratzea da, botikak eta janaria erosteko, adibidez.

Ohar horien arabera, datozen asteetarako programatutako ekitaldiak bertan behera edo atzeratuta geratu dira.

Pandemiak mundu osoan eragina izango du.

Entrenamenduak etxean

Kirolariak etxean ari dira entrenatzen halabeharrez, koronabirusaren zabalkundeari aurre egiteko ezarri den konfinamenduak eraginda. Bakoitza ahal duen bezala ari da moldatzen, sasoi puntuari nola edo hala eusteko.

Kezkatuta ere badaude, lehiaketara noiz itzuli ahalko diren ez jakiteak kezka eragiten die batzuei.

Jon Aberasturi txirrindularia oso erregular aritu zen etenaldia izan arte, esprint guztietan txirrindulari azkarrenekin nor baino nor gehiago arituta. Koronabirusak, baina, hankaz gora jarri du denboraldi osoa. Lasterketa asko eta asko bertan behera geratu dira, eta geratuko dira, COVID-19 gaitzaren ondorioek luze joko baitute. UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak, adibidez, bertan behera utzi ditu maiatzera arte jokatzekoak ziren lasterketa guztiak. Aberasturik uste du egoerak «luze» joko duela. «Gutxienez hilabete batez geldi egongo da guztia. Eta gero, egoera bere onera itzultzen bada, UCIk sekulako arazoa izango du bertan behera geratu diren lasterketa guztiei tokia egiten. Oso zaila izango da denak jokatzea».

Ainhoa Azkorbebeitia mendi korrikalariak ahal duena egingo du konfinamenduak irauten duen bitartean, eta garbi dauka zer dagoen horren barruan: «Mantentze lana da orain egin ahal dudana, gehiago ezin baita». Hainbat lasterketa bertan behera geratu zaizkio epe hurbilean, eta pena ematen dio, baina alderdi on bat ere baduela onartu du: «Entrenatu, gabe sasoia galduko dugu, eta nola berrekingo diogu lehiari entrenatu gabe?».

Joseba Ezkurdia pilotariak beste pilotari eta kirolari batzuekin batera lantzen du arlo fisikoa, eta aurreko ostiralean aritu ziren azkeneko aldiz elkarrekin: «Gure kontura etxean jarduteko materiala hartu genuen, eta hemen nabil, fisikoa etxean lantzen». TRX izeneko entrenamendu mota egiteko gailua, baloi pisutsuak, goma… Horiek denak pilatu zaizkio orain etxean, eta pilotak ere bai, jakina. Ezin, ordea, pilotalekura joan: «Hasieran asmoa genuen pilotari batzuk elkartu eta pilotalekura joatekoa, baina, nola ezin den etxetik atera, etxeko garajean nabil eskuak egiten. Soinu pixka bat aterako dut [barrezka]».

Europa eta Amerikako Estatu Batuak

Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako kirol txapelketa eta txapelketa gehienak bertan behera utzi edo atzeratu dituzte.

Futbolzaleek pazientzia izan beharko dute. Pandemiaren ondorioz, hurrengo asteetako hainbat partida atzeratu behar izan dituzte, hala nola Champions Leaguekoak eta Europa Leaguekoak.

Gainera, udan egin behar zituzten nazioarteko txapelketak atzeratu dituzte, hala nola, Eurokopa eta Amerika Kopa. UEFAk eta Conmebolek 2021ean jokatuko direla iragarri dute.

Espainian bertan behera geratu dira Liga, emakumezkoen Liga eta Errege Kopa, eta Europako beste federazio batzuek ere bertan behera utzi dute futbol liga: Ingalaterrako Premier League, Alemaniako Bundesliga, Italiako Serie A

Bestalde, NBA, Estatu Batuetako saskibaloi liga eta munduko kirol lehiaketarik jarraituenetako bat ere atzeratu egin da, jokalari batek positibo eman ostean.

Oraingoz, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (NOB) uda honetarako, uztailaren 24tik abuztuaren 9ra, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak egiten jarraitzen du, baina hainbat herrialdetako atleta eta batzorde olinpikoek bertan behera uzteko eskatu dute.

KIROLA

Athletic 5-1 Reala, VIII. EH Koparen finalean

Athletic 5-1 Reala, VIII. EH Koparen finalean

Athleticek 5-1 irabazi dio Realari VIII. Euskal Herria Koparen finalean. Honekin, zazpigarren Euskal Herria Kopa irabazi du Athleticek. Realak behin irabazi du, 2012. urtekoan

Lehen hiru puntuak, Eibarrentzat

Lehen hiru puntuak, Eibarrentzat

Eibarrek eskuratu ditu III. Euskal Herria Txapelaren 2018/19 denboraldiko lehen puntuak, Ipuruan Realari 2-1 gaindituta