“Euskal selekzioa ez dago bere unerik gorenean”

Kike Zurutuza: “Euskal selekzioa ez dago bere unerik gorenean”

Euskal Herria Kirolako kidea da azpeitiarra. Kirola nazio eraikuntzarako elementu baliagarria delakoan, Euskal Selekzioaren aldeko lanean ari da. Hitzordu garrantzitsua prestatu du Euskal Herria Kirolak zapaturako; IX. Euskal Herria Koparen finala jokatuko dute Athletic-en eta Realaren emakumeen talde nagusiek, Garmendipen. Euskal Herria Kirolaz nahiz Euskal Selekzioaz hitz egin du Zurutuzak 2019ko abuztuko Uztarria aldizkarirako, Elena Margüello kazetariak egindako elkarrizketan.


Kike Zurutuza (Elena Margüello) Ikusi haundiago | Argazki originala

San Inazio kalean bizi da Kike Zurutuza (Azpeitia, 1958), Gasteizen bizi izanagatik ez baitu ahazten bere jaioterria. Egun, euskara eta kirola ardatz hartuta, Euskal Herria Kirolan ari da lanean.

Abuztuaren 24an IX. Euskal Herria Kopako finala jokatuko dute Realak eta Athletic-ek Azpeitian. Joan zen urtean finalaurrekoa jokatu zen herrian. Aurten zergatik aukeratu duzue Azpeitia finala jokatzeko?

Iazko finalaurrekoa kasualitatez jokatu zuten Azpeitian. Egun hartan Lagun Onakeko presidenteak esan zuen polita izango litzatekela hurrengo urteko finala Azpeitian jokatzea, klubaren 75. urteurrena zela eta. Hala ere, finalak non jokatu aukeratzerakoan hainbat irizpide izaten dugu kontuan: batetik, lurraldetasun irizpidea hartzen dugu kontuan, eta urtero Euskal Herriko lurralde desberdinak aukeratzen ditugu finala jokatzeko –iaz, adibidez, Zornotzan (Bizkaia) jokatu zuten–; bestetik, futbol zelaiaren kalitateari begiratzen diogu; eta gainera, dirulaguntzei ere garrantzia ematen diegu. Azpeitiak betetzen zuen lurraldetasun irizpidea, eta Garmendipe Gipuzkoako zelairik onenetarikoa ez bada ere, belar naturala duen bakarretakoa da. Horrez gain, finala jokatu ahal izateko laguntzak lortu genituen, eta hiru irizpide horiek tarteko erabaki genuen finala Azpeitian joka-tzea.

Euskal Herria Kirola elkarteak antolatzen du Euskal Herria Kopa. Zer da Euskal Herria Kirola elkartea?

2009an kirolarien ekimenez sortu zen elkarte bat da, behar batetik sortutakoa. Kirolarien ustez, sasoi hartan ez zen Euskal Herrian kirol ekintzak gauzatzeko estrategian urratsik ematen, ezta Euskal Herrian kirol egiturak antolatzeko ere. Gaiaren bueltan, askotariko sentsibilitateak nabarmentzen ziren, baina kirolariek urrats bat gehiago egin behar zela uste zuten. Aldarrikapenetatik haratago, aldarrikapenak gauzatuko zituen erakunde bat sortzeko beharra azpimarratu zuten. Hain zuzen ere, Euskal Herria oinarri hartuta eta Euskal Selekzioen ofizialtasuna gauzatzeko estrategia kontuan hartuta kirolariek sortutako elkartea da.

Eta zu nolatan sartu zinen Euskal Herria Kirola elkartean?

Beti izan dut kezka euskararekiko eta kirolarekiko. Bere garaian, Euskaldunon Egunkarian, Berrian eta marketin arloan egin nuen lan, eta banuen gai horiekiko kezka; lan haietan ere kezka horiei erantzuteko norabidean aritu nintzen. Nire ustez, kirola herri bat batzeko tresna garrantzitsua da, eta euskara zein Euskal Herria prestigiatzeko elementu garrantzitsua ere bai. Ezberdinen arteko batura egiteko tresna ezin hobea da kirola. Euskal Herria Kirola elkartean lanean ari ziren pertsonak gertukoak nituen, eta proiektuan murgiltzea eskaini zidaten. Oso gustura hartu nuen proposamena, eta azken sei-zazpi urte hauetan buru-belarri aritu naiz elkartean lanean.

Zer egoeratan dago Euskal Selekzioa gaur egun? Indarra galtzen ari al da?

Indarra galtzen ari da, eta hain zuzen, horregatik ere sortu zen Euskal Herria Kirola. Selekzioa ez dago bere unerik gorenean, baina euskaldunontzat oso garrantzitsua da denok batzeko eta munduan proiekzioa izateko. Euskal Selekzioa sustatzeko saiakera guztiak egiten ari gara gure txikian. Futbolean, adibidez, FIFAra eta UEFAra ofizialki eskaera bat bidaltzeko saiakera egiten ahalegindu gara. Izan ere, Euskal Herriak oraindik ez du aukeratu liga horietan selekzio propioa izan nahi duen ala ez. Festak egin ditugu, aldarrikapenak eta pankartak ere bai, baina ofizialki ez gara inora joan eta ez dugu ezer aurkeztu. Badakigu prozesua oso zaila dela, baina ezezkorik ez dugu jaso eskaerarik ez dugulako egin oraindik. Ez gara iritsi saiakerak eraman gaitzakeen muturrera. Hala ere, ekimen garrantzitsuak egiten ari gara Euskal Selekzioa sustatzeko bidean. Kirol gehienetan, ofizialki estatuak ez diren herrialdeek parte har dezakete, nahiz eta geroz eta zailagoa den hori lortzea. Pilotaren kasuan, adibidez, zirrikitu legal garrantzitsu bat badago: modalitatea sortu den herrialdeak parte hartzeko eskubidea du, nazioa ez izan ez arren. Beste kirol askotan, berriz, munduko kopak enpresa garrantzitsuek sortzen dituzte. Beraz, erabakia esku pribatuetan egoten da. Legeak esaten du ez dagoela estatu izan gabe parte hartzea debekatzen duen araurik. Horregatik, urratsak eman behar dira Euskal Herriagatik eta Euskal Herriak kanpoan proiekzioa izan dezan.

Zer pauso eman behar lirateke selekzioa bultzatzeko?

Beti jokalarien bizkarrean jartzen da pisua, baina erantzukizuna gizartearena eta erakunde pribatuena nahiz publikoena da. Jokalariek inplikatu egin behar dute gizartearen parte eta lider diren neurrian, baina guztioi dagokigu Euskal Selekzioa bultzatzea: federazioei, Eusko Jaurlaritzari, euskal erakunde publikoei, gizarteari… Guztion artean lortuko dugu zerbait. Dena den, ez daukat erantzun zehatzik zer urrats egin behar diren esateko, diziplina bakoitzean pauso desberdinak eman behar direlako; batzuetan besteetan baino errazagoak dira urrats horiek. Trinketeko pilotari batzuek, adibidez, Espainiako Selekzioarekin ez direla joango esana dute. Uste dut, herri bezala, jokalarien hautuak errespetatu egin behar ditugula; Espainiarekin joan nahi duena errespetatu egin behar dugu, eta joan nahi ez duena ere bai. Erabakitzeak ez dezala kirolariaren ibilbidea kaltetu.

Gizartean nola piztu daiteke berriro Euskal Selekzioarekiko atxikimendua?

Euskal Selekzioak orain dela urte batzuk zuen ospea engainu bat zela eta urrats praktikorik ez zela ematen ohartarazi zuten kirolariek eta elkarteko kideek behin baino gehiagotan. Kirolari batzuek protesta oso serioak ere egin zituzten, beraien etorkizun profesionala zalantzan jartzerainokoak. Abisatzen zuten selekzioaren garai hartako bidea agortzera zihoala, zerbait berria egin behar zela, ilusioak sortu behar zirela. Hortik sortu zen neurri batean Euskal Herria Kirola elkartea. Gizarteak Euskal Selekzioarekiko jarrera oso ona du, inkestek ere gehiengoa alde dagoela eta kontrako jarrerarik ez dagoela esaten dute. Hala ere, gauza bat jarrera positiboa izatea da, eta bestea, jarrera aktiboa izatea. Bide horretan, guztiok daukagu zer egina, jendea ilusioz betetzea eta jendea piztea beharrezkoa da. Sinesgarritasuna galdu da azken urteetan, selekzioaren bideak zerbait eman dezakeenaren ilusioa galdu du jendeak. Beraz, sinesgarritasuna eman behar diogu proiektuari.

Gaur egun, ba al daude Euskal Herriaren izenean lehiatzeko aukerak?

Euskal Herriko kirolariak Euskal Herriaren izenean ari dira lehiatzen zenbait diziplinetan. Besteak beste, mendi lasterketatan, boxeoan, surfean eta sokatiran. Hala ere, kirol batzuetan Euskal Selekzioaren izenean aritzetik oso gertu egon garenean, Espainiak eta Frantziak mozteko presio handiak egin dituzte; eta Kataluniaren kasuan are nabarmenagoa da errealitate hori.

Euskal Herria Kirolak antolatzen dituen futbol txapelketetan, oso desberdina da emakumeen nahiz gizonen parte-hartzea. Zergatik?

Garai batean, Euskal Herria Kirolan aritzen ziren pertsonei iruditu zitzaien emakumeen futbolak etorkizuna izan zezakeela, eta orduan sortu zuten Euskal Herria Kopa, zazpi lurraldeetako emakumeek parte har zezaten. Eta hain zuzen ere, Azpeitian jokatu zuten lehenengo edizioko finala. Gizonezkoetan bestelako burutapen bat izan genuen. Orain dela hiru urte, Osasuna Espainiako Lehenengo Mailara igo zenean, bost euskal taldeekin kopa bat antolatzea bururatu zitzaigun, baina egitekoa oso zaila zela konturatu ginen. Beraz, zerbait birtuala egitea pentsatu genuen: liga ofizialean elkarren aurka jokatutako partiden emaitzak kontuan hartuta, sailkapen bat egitea. Sailkapen horretako lehenengo bi taldeei txapela jokatzeko aukera ematea pentsatu genuen. Beraz, horiek jokatzen dute finala.

Azpeitiarra izatez, Gasteizen bizi zara. Ilusioa egin al dizu aurtengo Euskal Herria Koparen finala Azpeitian izateak?

Bai, azpeitiarra naiz, eta gustura hartu dut finala etxean jokatzearen berria. 19 urte nituenean joan nintzen Azpeititik, eta ordutik, bi urtez bakarrik bizi izan naiz jaioterrian. Hala ere, oso azpeitiarra sentitzen naiz. Familia eta lagunak Azpeitian ditut, eta turismo bulegoetan nongoa naizen galdetzen didatenean, ez dut gasteiztarra naizela esaten, azpeitiarra naizela baizik. Ez dakit ona edo txarra den, baina azpeitiarra sentitzen naiz.

Share This