ARGITALPENAK

Harmaila kirol aldizkariaren 9. eta azken alea

by | 2020/08/12

Argazkiak: harmaila.eus

Harmaila aldizkaria 2017ko udaran ikusi zuen argia, Aitor Manterola kirol kazetari eta BERRIAko kolaboratzailea, Eñaut Barandiaran gidoilari eta kirol zuzendaria eta Iñaki Berastegi kirol esatariaren eskutik. Bere sortzaileek kirol aldizkari parekidea, arnas luzekoa eta euskarazkoa bezala definitzen zuten, betiere kirola kulturaren filtroaz jorratuz.

Filosofiaren beste euskarritzat lurraldetasuna eta genero berdintasuna izan dituzte. Euskal Herriko lurralde guztiei egin diete lekua eta nabarmena izan da ere genero berdintasunaren lanketa, izan ere, emakumeen presentzia handia izan baita orrialdeen barruan. Herri mailako kirolera hurbiltzen ere saiatu dira, gertutasuna irabazteko.

Euskal Herrian dagoen kirolzaletasunarekin bat eginda eta euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko kirola beharrezkoa zela iritzita Harmaila sortu zuten kirola euskaraz irakurtzeko aukera emateko herritarrei.

Tamalez, bizi ditugun garaiotan eman den egoera ekonomikoaren okertzeak proiektua bertan behera uztera derrigortu ditu, baina horren aurretik azken ale bat argitaratzeko aukera eta desioa izan dute.

Harmaila aldizkariaren 9. alean jorratzen diren gaiak:

-10 urte pasa dira Edurne Pasaban tolosarrak hamalau zortzi milako mendiak igo zituenetik (Everest-en hasi, Shisha Pangman bukatu) eta horren karira elkarrizketa mamitsua egin diote aldizkariko egileek:

Viellako, Aran Bailarako bakean bizi da Edurne Pasaban. Euskal Herria ahaztu gabe, beste urte erdia Donostian pasatzen baitu bikotea eta Max semearekin. Bizipen asko pilatu zituen 2000ko hamarkadan, Himalayako hamalau zortzi milakoak igotzeko erronkan murgilduta. Oroitzapen onak ditu, baina txarrak ere bai, mendia bera gorrotatzera iritsi baitzen. 10 urte beteko ziren maiatzaren 17an, Shisha Pangman bere bizitzako atal garrantzitsua itxi zuenetik. Coaching konferentziak ematen trebatu da azken urteetan, eta bidai agentzia bat ere badu Viellan bertan. Badaki komunikabideen erauntsia etorriko zaiola gainera, baina prest dago: “Polita da jendartea lorpen harekin gogoratzea”.

Euskal atezainen inguruko erreportai luze bezain interesgarria:

Euskal Herria beti izan da erreferentzia atezainetan. Lur emankorra. Belaunaldiz belaunaldi sortu izan dira atepea zaintzeko abilezia bereziaren jabe izan direnak. Orain ere badira, eta hauek dira zaharragoak izan zirelako. Zaharragoen artean daude, hain zuzen, futbolaren mundu mailako historian arrastoa utzi duten sei atezain handi, sei euskal herritar.

-Brasildarra da Xanta Sousa, Bahia estatuko Valença herrikoa. Duela 23 urte zapaldu zuen Lesakako lurra, eta ordutik bertan bizi da Hamar anai-arrebako familia batean hazi da, alabetan gazteena izan da, «eta ez dugu bizitza erraza izan». Herri kiroletan bere izena irakurtzea ohikoa bihurtu da azken urteetan, eta zer esanik ez, txingak eramaten. Gustuko du diziplina hori, eta ume garaiak gogorarazten dizkio. Brasilen ur bila joan behar izaten zuen, eta orain pasiotzat du kirol hori. Ez daki zenbat txapelketa irabazi dituen, baina badaki bere marka pertsonala 55 plazakoa dela Euskadi mailan (1.540 metro, 25 kiloko txinga banarekin).

-1995, irundarrek ahaztuko ez duten urtea:

25 urte betetzen dira Elgorriaga Bidasoak Badel Zagreb taldeari irabazi eta Europako Txapeldunen Ligako txapeldun bilakatu zenetik. Aurretik, Espainiako Liga eta Kopa bat, eta Asobal Kopa bat irabaziak bazituen ere, 1995eko garaipenak Bidasoa eta Irun Europako erdigunean kokatu zituen hurrengo urteetarako. Ondorengo 25 urtetan Bidasoak une gogorrak igaro izan ditu, baina balentria hura ospatzeko urtean dagokion tokira itzuli da: Velux EHF Champions Leaguera, eskubaloiaren maila altuenera.

Harmaila aldizkariaren agur mezua:

AGURRAREN LEZIOA

2018ko udan eseri ginen lehen aldiz Harmaila honetan. Proiektuari hasiera eman genion hiru kideok uste genuen, eta uste dugu, euskal kazetaritzan, euskaraz egindako kazetaritzan, badagoela kirolarekiko hutsune bat, nabaria.

Euskara hizkuntza moduan guztiz normalduko bada mota guztietako komunikabideak beharko ditu, ezinbestean.

Lehen zenbaki hura, berez 0.zenbakia izan zena, digitalean atera genuen, proiektuari tamaina hartu nahian edo, eta egia esan jaso genuen erantzuna bikaina izan zen. Ikusi genuen guk geneukan kezka eta ilusio bera partekatzen zutela askok. Horren uzta oparoa izan zen lehen harpidetza kanpaina. Eskerrik beroenak Harmaila paperera ekartzen lagundu zeniguten guztioi.

Lehen aparraldi haren ostean bidea egiten joan gara, guztira 9 zenbaki osatuz. Hasieratik argi izan dugu edukietan aldizkari parekidea nahi genuela, gure herrian nagusi diren kirolei duten garrantzia emanda ere sona gutxiagoko

kirolak seriotasunez eta merezi duten protagonismoa emanez jorratuko zituena. Zentzu horretan, helburua bete dugu, eta harrokeriarik gabe, baina gure txikian, harro gaude. Kolaboratzaileena beste ezpal bateko egurra da, eta argi dago bide luzea dagoela egiteke.

Onena ematen saiatu gara, baina argi dago neurri batean ez dugula asmatu, eta aldizkaria ekonomikoki errotzeko helburuak eskuen artean ihes egin digu. Horren ondoriorik nabariena da hau izatea Harmaila honetan eseriko garen azken aldia. Gure ibilbidea kirol proba batekin alderatu beharko bagenu esan genezake gure asmoa maratoia egitea zela, baina gehiago izan dela etengabeko hesi gainditzea. Espero genuen arren, kiroltasunez onartzen dugu, eta ez dugu aitzakiarik jarriko. Berriro diogu: Euskal prentsak, euskaraz egiten den prentsak, behar du kirola euskaraz jorratuko duen komunikabide bat (edo gehiago).

Hemendik aurrera ez da Harmaila izango, baina ziur gaude gu sortu ginen enbor beretik sortuko direla besteak ere… Eskerrik asko! Beste harmaila batzuetan ikusiko dugu elkar hemendik aurrera.