ARRAUNA

KAE eta ETE ligak, uztailaren 11n

by | 2020/06/11

Argazkiak: liga-arc.com

Uztailaren 11n hasiko da lehia hiru ligetan, Pasaian, erlojuaren aurkako saioan, eta abuztuaren 30ean amaituko dira Castro Urdialesen egingo den estropadarekin

 

Duela egun batzuk, Kantauriko Arraun Elkarteak egutegia eta estropada eremuen inguruan egindako azken proposamena onartu egin zuten klubek, %80ko babesarekin.

Hartara, orotara hamabi estropada lehiatuko dituzte KAEko bi ligetako eta ETE ligako taldeek (bederatzi egitea aurreikusia bazegoen ere), eta bost eremutan banatuta egingo da: hasieran Getaria, Pasaia eta Castro Urdiales (Kantabria, Espainia) zituzten zehaztuta, eta Getxo eta Santander (Kantabria, Espainia) gehitu zaizkie orain.

Beraz, bost estropada izango dira Gipuzkoan (bi Pasaian eta hiru Getarian), hiru Bizkaian (Getxon) eta lau kantabrian (bi Santanderren eta bi Castro Urdialesen).

Uztailaren 11n hasiko da lehia hiru ligetan, Pasaian, erlojuaren aurkako estropadan (modalitate honetan emango den saio bakarra), eta abuztuaren 30ean amaituko dira hiru ligak, Castro Urdialesen egingo den estropadarekin.

Ligak balekoak izateko eta igoerak onartuak izateko, zortzi estropada jokatu beharko dituzte, eta talderen batek KAE 1etik KAE 2ra jaisteko bidea hartu behar badu COVID-19ak eraginda, talde hori ez litzateke jaitsiko. Hortaz, dena ondo bidean, bi talde igoko dira KAE 1era eta bi jaitsi KAE 2ra, kanporaketa jokatu gabe.

KAE eta ETE ligak abiatzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak ere, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira. Hau da, osasun eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte, arraunlarien joan-etorriak kontrolatu, pilaketak ekidin, eta estropadari lotutako bestelako jarduerarik ezingo da antolatu.

Beraz, gerta liteke, KAE Ligako euskal ontziek –Lapurdiren egoera desberdina izan daitekeen arren– kantabriarrek baino bi aste gehiago izatea traineruarekin uretan entrenatzeko, momentuz Kantabriakoei debekatu egin dietelako datozen bi asteetan uretaratzea (KAE-1 Ligan hiru ontzi kantabriar daude aurten: Astillero, Pedreña eta Camargo).

Adostutako egutegian ez da estropadarik izango abuztuko lehen asteburuan, printzipioz data hoietan lehiatzekoa baita Espainiako Traineru Txapelketa, nahiz eta oraindik segurua ez den lehiaketa hau antolatu ahalko denik.

Aurtengo egutegia:

  1. Pasaia (Uztailak 11)
  2. Getaria (Uztailak19)
  3. Getaria (Uztailak 25)
  4. Pasaia (Uztailak 26)
  5. Getxo (Abuztuak 8)
  6. Getaria (Abuztuak 9)
  7. Santander (Abuztuak 15)
  8. Santander (Abuztuak 16)
  9. Getxo (Abuztuak 22)
  10. Getxo (Abuztuak 23)
  11. Castro Urdiales (Abuztuak 29)
  12. Castro Urdiales (Abuztuak 30)