HERRI KIROLAK/AIZKORA
Julen Alberdi-Suharri Rodriguez eta Nerea Sorondo-Nerea Arruti, aizkora txapeldunak
Egur Sportek antolatutako herri kirol txapelketak hartu zituen beste behin Izarraitz pilotalekuak igande honetan, horien artean gizonen zein emakumeen Urrezko Binakako Aizkolari finalak jokatu zituztelarik, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Gizonezkoetan, binakako 22. finala izan da aurtengoa, non lau bikote aritu ziren nor baino nor txapelen bila: Julen Alberdi Txikia IV.a-Suharri Rodriguez, Ugaitz Mugertza Mugertza II.a-Julen Gabirondo, Joxean Etxeberria-Patxi Mindegia eta Hodei Ezpeleta-Ibai Soroa (Soroak Jokin Urretabizkaia Basozabalen tokia hartu zuen finalean, Basozabalek min hartuta zegoelako eskuin eskuan).
Lau bikoteek lan mardulak egin behar izan zituzten. Hamabost enbor ebakitzeko ofizioa zuten aurretik, bost eratan banatuta. Lehenik, bi 45 ontzako moztu zituzten; gero, kana-erdiko bat —54 ontzako enborra— zutika; jarraian, bi 60 ontzako; gero, 45 ontzako bi: bat zutika eta bestea etzanda; eta amaitzeko, lan-erdira aritu ziren aizkolariak: bina kana-erdiko, 60 ontzako eta 45eko moztu zituztelarik.
Azkenean denborarik onena Txikia IV.ak eta Suharri Rodriguezek lortu zuten, lanak 25 minutu eta 55 segundotan gauzatuta. Bigarren sailkatu ziren Ugaitz Mugertza Mugertza II.a eta Julen Gabirondo, lanak 27 minutu eta 6 segundotan bukatuta, eta hirugarren, berriz, Joxean Etxeberria eta Patxi Mindegia (28:07) izan ziren. Laugarren postuan Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal geratu ziren, lanak egiteko 30 minutu eta 56 segundo behar izan zituztelarik.
2022 Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa, finala
Julen Alberdi Txikia IV.a-Ibai Soroa, 25 minutu eta 55 segundo: erloju kontra 45´´ eta 49´´, zutik 1´47´´, abiadura 4´16´´, zutik/etzanda 3´26´´, azken proba 14´52´´.
Ugaitz Mugerza-Julen Gabirondo, 27 minutu eta 06 segundo: erloju kontra 42´´ eta 49´´, zutik 2´05´´, abiadura 3´53´´, zutik/etzanda 3´07´´, azken proba 16´30´´.
Joxean Etxeberria-Patxi Mindegia, 28 minutu eta 07 segundo: erloju kontra 55´´eta 42´´, zutik 2´08´´, abiadura 4´26´´, zutik/etzanda 3´13´´, azken proba 16´43´´.
Hodei Ezpeleta-Jokin Urretabizkaia, 30 minutu eta 56 segundo: erloju kontra 41´´eta 52´´, zutik 2´23´´, abiadura 4´39´´, zutik/etzanda 3´39´´, azken proba 18´42´´.
Emakumeen Binakako Txapelketan bi bikote aritu ziren nor baino nor gehiago: Nerea Sorondok eta Nerea Arrutik Laiene Pikabea eta Irati Astondoa izan zituzten aurrez aurre. Bi lan egin behar izan zituen bikote bakoitzak, guztira bost enbor ebaki behar zituztelarik.
Eta azkenean horiek osatzen azkarrenak Sorondo eta Arruti izan ziren, 11 minutu eta 40 segundo behar izan zituztelarik. Pikabeak eta Astondoak, aldiz, 13 minutu eta 04 segundo baliatu zituzten lanak amaitzeko.
Nerea Sorondo eta Nerea Arruti, 11 minutu eta 40 segundo: erloju kontra 3´03´´azken proban 8´37´´.
Laiene Pikabea eta Irati Astondoa, 13 minutu eta 04 segundo: erloju kontra 3´34´´eta azken proban 9´30´´.
Luixa Uzkudunek eta Mikel Lizartzak irabazi dute Sega Ligako bigarren jardunaldia
Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligari datorren ekainaren 11n Oiartzunen emango zaio amaiera
Banakako pentatloi txapelketaren lehen kanporaketa jokatu da Tolosan
Xabier Zaldua, Ioritz Gisasola Zelai V.a, Jokin Urretabizkaia eta Aitzol Atutxa pasa dira bigarren kanporaketara
Urrezko Banakako Aizkolarien finalerdia jokatu zen Lekunberrin
Mikel Larrañaga, Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a sailkatu ziren finalera