EUSKAL PILOTA

Juaneneak finalerdietako ligaxkarako txartela eskuratu du

2020/08/21

Argazkiak: oriamendi2010

Ostegun honetan Hernaniko Galarretan jokatutako Juanenea eta Goikoetxea V.aren arteko lehiak  eman zion amaiera Kutxabank Torneoaren finalaurdenetako ligaxkari

 

Ligaxkako hirugarren eta azken partidua izan zen, aurrenekoan Juaneneak 30-19 irabazi zion Ansa II.ari eta bigarrenean Ansak Goikoetxearen aurka eskuratu zuen garaipena (30-21).

Aurretik emandako emaitza hoiekin, finalaurdenetako fase honetan aritutako hiru erremontistek zuten sailkatzeko aukera eta den-dena azken partida honetan gertatutakoaren arabera zehaztuko zen.

Izan ere, 20 tantu egitearekin nahikoa zitzaion Juaneneari Kutxabank Torneoko finalerdietarako sailkapena eskuratzeko, baina gutxieneko markagailu hori lortzearekin ez zen konformatu eta partidua ere irabazi zion Goikoetxea V.ari 30-24.

Finalaurdenetako ligaxkako hirugarren partidua zen honakoa, eta guztira 8 puntu pilatu ditu Juaneneak bere bi partiduak irabazita. Atariko lehiak kontutan hartuta, saldiastarrak txapelketa bikaina burutu du orainarte, jokatutako bost partidetan garaipena eskuraturik.

Hala ere, ez zen garaipen erosoa izan azkeneko hau, Goikoetxeak gauzak asko zaildu zizkion eta gainera Juaneneak ez zion partidari hasiera ona eman. Orohar, ez ziren asko aritu piloteoan, eta bi aurrelariek ahal bezain pronto saiatu ziren tantuak amaitzen.

Launa emandako  berdinketaren ostean, Juaneneak sei tantoko zuloa ireki zuen (11-5) baina Goikoetxeak aldea murriztu zuen (15-13 eta 18-16), gehiago hurbiltzea ere lortu zuelarik, 21-20.

Momentu horretan, sei eta biko partziala eginda, bost tantoko abantaila lortu zuen Juaneneak berriro (27-22), azkenean partida ixten ondo asmatu zuelarik (30-24).

Merezimendu osoz lortu du beraz Juaneneak finalerdietako ligaxkarako txartela, finalaurdenetakoan bera izan delako onena jokoan zein sailkapenari begira: Juaneneak 8 puntu lortu ditu, 4 Ansa II.ak eta bakarra Goikoetxeak.

Gauzak horrela, finalerdietako ligaxkan, Juanenearekin batera, Endika, Urriza eta Barrenetxea arituko dira. Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak. Finalerako bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da eta irailaren 26an jokatuko du finala. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatu­en artean irailaren 19an jokatuko da.

Abuztuak 20ko partiden emaitzak

  1. Etxarri-Labaka 30 / Urrutia II.a-Zubiri 40
  2. Juanenea 30 / Goikoetxea V.a 24
  3. Ansa II.a-Zaldua 40 / Mirubia-Larrañaga 30

Hurrengo partidak, abuztuak 22an:

  1. Mirubia-Arruarte vs Urrutia II.a-Aizpuru III.a
  2. Barrenetxea IV.a vs Juanenea 
  3. Urriza-Labaka vs Ansa II.a-Zubiri

 

Buruz Buruko Txapelketa

Finalaurdenetako fasea, Juanenea, Ansa II.ak eta Goikoetxea V.ak jokatuko dute. Hiruen arteko ligaxka izango da eta abuztuaren 13an, ostegunean, hasiko da. Beste bi jardunaldiak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira. Puntuazio onena ateratzen duen erremontistak hurrengo fasera pasako da eta gainontzekoak kanporatuak izango dira.

Hurrengo fase hori finalaurretako fasea izango da eta lau pelotarik jokatuko dute: finalaurdenetako irabazleak, Endikak, Urrizak eta Barrenetxeak. Lehen postuan geratzen den pelotaria, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak, finalerdietarako sailkatuko dira, eta laugarren geratzen dena txapelketatik at geratuko da. Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak.

Finalerako bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da irailaren 26an jokatuko den finalean. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatu­en artean irailaren 19an jokatuko da.

Partida guztiak osteguna eta larunbatean jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala eramango da ligaxketan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu batuko ditu. 24-26 tanto artean puntu bakarra lortuko da, 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko eta 17tik behera puntu bat kenduko da sailkapenean.