EUSKAL PILOTA

Janire San Sebastianek eta Naiara Fernandezek irabazi dute emakumeen II. pala txapelketa

by | 2020/09/07

Argazkiak: Baleike.eus

Zumaiako Emakumeon Etxeak eta Asanblada feministak antolatuta, uztailetik hona jokatu den emakumeen II. Pala Txapelketa amaitu berri da, igande honetan jokatutako finalarekin.

Behin hasierako fasea amaituta, finalerdiak jokatzen aritu dira azken egunotan. Lehen finalerdian, Maite Aizpuruak eta Janire San Sebastianek osatutako bikoteak 16 eta 22 emaitzarekin irabazi zien Ana Egañari eta Leire Esnali. Bigarren finalerdian, Kistiñe Astigarraga eta Alaia Azkuek bere aldetik, Leire Mendizabal eta Naiara Barredo hartu zituzten mendean.

Hortaz, emakumeen II. pala txapelketako finala jokatu zen pasa den igande eguerdian Odieta frontoian,  Alaia Azkuek eta Kistiñe Astigarragak, eta Janire San Sebastianek eta Naiara Fernandezek osaturiko bikoteen artean.  

Eguzkiaren ziztadapean, norgehiagoka lehiatua eta orekatua ikusteko aukera egon zen Zumaiako pilotalekuan. Gorriz aritu zen Azkuek eta Astigarragak osatutako bikotea 6 eta 0 emaitzarekin jarri zen aurretik, baina urdinek berehala lortu zuten norgehiagoka berdintzea, baita aurretik jartzea ere (6-8). Berdintasun une batzuen ondoren (8-8, 9-9, 10-11), urdinek tantu erreskada polita lortu zuten eta zuloa zabaldu zuten markagailuan (13-19). Hala ere, gorriak ez zeuden partida oparitzeko gogoekin, eta puntu guztiak borrokatu zituzten amaierara arte (14-19, 17-20, 18-21), baina azkenean ezin izan zuten markagailua irauli eta garaipena Janire San Sebastian eta Naiara Fernandezen alde erori zen, 22 eta 18 emaitzarekin. 

Esan bezala, Zumaiako Emakumeon Etxeak eta asanblada feministak antolatu dute txapelketa hau, eta guztira 26 pilotarik parte hartu dute. Antolatzen duten bigarren txapelketa izan da honakoa, eta iazko edizioarekin alderatuta parte hartzeak gora egin duela nabarmendu dute antolatzaileek.