EUSKAL PILOTA

Inoizko parte hartzerik handiena izango du aurtengo Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiak

2021/04/24

Argazkiak: epeirekia.eus

Baldintzak onenak ez badira ere, hazten jarraitzen du Euskal Pilota Egokitutako Master Cup Txapelketak eta horren adibide da inoizko parte hartzerik handiena izango duela aurten Oiartzun eta Getarian jokatuko den 2021eko edizioak. Denera 34 pilotari arituko dira, 18 adimen urritasuneko mailan, (3 taldetan banatuko diren 9 bikotetan) eta 16 gurpildun aulkiko mailan (2 taldetan banatutako 8 bikotetan). Izena eman duten pilotarien artean Euskal Herriko pilotariez gain Espainiako eta Frantziako pilotariak daude, kirol honen garapenaren erakusgarri.

Osasun egoerak baldintzatuta pilotalekura gerturatzerik izango ez denez, igande honetako Oiartzungo kanporaketak Emakume Master Cup-en Facebook-eko perfiletik jarraitu ahal izango dira streaming bidez. Goizez, 10.30etatik aurrrera, adimen urritasuneko partidak jokatuko dira –sailkapeneko norgehiagoka hauek 15 tantora jokatuko dira– eta arratsaldez –16.30etan hasita– gurpildun aulkian aritzen diren pilotarien txanda izango da, kasu honetan partidak 10 tantora jokatuko dira.

Lau bikoterik onenak maiatzaren 16an Getarian jokatuko diren finaletarako sailkatuko dira. Eguerdiko 12etatik aurrera jokatuko diren final hauek ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu eta www.eitb.eus ataritik ere ikusi ahal izango dira.

Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusia

KATEGORIAK

Kategoria bakarra espezialitate bakoitzerako (fisikoak eta psikikoak) eta genero bakoitzerako (gizona eta emakumea), mailaka antolatuta.

EKITALDIAREN EZAUGARRIAK.Ekitaldiak jai-giroa izango du:

– Musika

– Esataria ekitaldia gidatu eta dinamizatzeko

– Maskotak

– Sariak banatzeko stand bat

– Euskal pilotarekin lotutako zozketak eta material banaketa ekitaldira bertaratutako ikusleen artean

– Ekitaldia ETBk emango du, eta bere programazioan erreportaje zabalak izango ditu.

– Kirol-prentsa espezializatuak ekitaldiaren berri emango du.

– Frontoiaren, pilotarien eta, oro har, ekitaldiaren irudia bereziki zainduko da.

EKITALDIA OSPATZEKO DATA

Apirilak 25 sailkapena, Oiartzun

Final haundia Maiatzak 16 Getaria 12:00h ETB-1-tik zuzenean