FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA

Iñigo Juaristi: “Aurrera egiteko, urtean bizpahiru partida jokatu beharko lirateke”

by | 2020/11/15

Inork gutxi ezagutzen du emakumezkoen futbola Iñigo Juaristik (Berango, 1968) bezala. Bere arrebak jokatzen zuen taldean entrenatzailea behar zutela eta laguntzen hasi zen 19 urterekin eta 52rekin oraindik emakuzmezkoen futboleko entrenatzailea izaten jarraitzen du. Egun Bizkerreko eta Euskal Selekzioko entrenatzailea da.

Horren karira elkarrizketatu dugu, baina tartean interesgarriak diren bestelako kontuak ere azaldu dizkigu.

Bizkerren hasi zen entrenatzen 19 urterekin. Ondoren, garaian emakumezkoen futbolean puntan zegoen Sondikara pasatu zen, han 1999an klubean izandako arazoak tarteko, alde egin eta Leioa Kluba sortu zuten. Hutsetik hasi eta urtez urte gora eginez, Bizkaiko talderik indartsuena bihurtu zen. 2001-2002ko denboraldian Ernesto Valverde etorri zitzaion, orduan Andoni Zubizarreta Athleticeko kirol zuzendariaren laguntzaile zela, eta Leioa Athleticen egiturapean sartzea proposatu zion. Nolabait esateko, izena aldatzeko. Horrez geroztik Athletic deitu zen. Gaur egun nolabaiteko barnebiltze hori ohikoa da, baina orduan nahiko komeri izan zituzten aldaketa gauzatzeko, baina azkenean lortu zuten.

Orain urte batzuk, Euskal selekzioko entrenatzaile izendatu zuten. Ordutik hona partida bakarra jokatu dute, 2016an Ipuruan Txekiar Errepublikaren aurka.

Bo, bazenuen esperientzia, oker ez banago, Euskal Herria Kirolak, Esaitekin eta Bai Euskararekin batera antolatutako emakumezkoen selekzioaren lehen partidan 2012an Eslovakiaren aurka, entrenatzaile gisa egon zinen eta.

Hura ez zen izan emakumezkoen selekzioaren lehen partida, Federazioak aurretik antolatuak zituen hainbat partida, baina une berezia izan zen. Zelai handi batean jokatu zelako, eta zaletu ugari joan zelako.

Zeintzuk dira Euskal Selekzioaren entrenatzailearen zereginak?

Egia esan, gure kasuan oso erraza izan zen, esan bezala partida bakarra jokatu baita. Eta hori antolatzeko ezer gutxi egin zen. Deialdia egin, bezperan entrenamendu bat eta zuzenean partidara.

Ze staff uste duzu beharko lukeela izan Euskal Selekzioak?

Esan dizudan moduan, partida bakarra jokatu da eta berez gauza handirik ez dago. Nik bere garaian, eta orduan jokalari kasi guztiak Realetik eta Athleticetik etortzen zirenez, Iraia Iturregi eta Aintzine Enzinasekin taldetxo bat osatzea proposatu nuen. Sarritan taldeetako entrenatzaileen eta Euskal Selekzioko entrenatzaileen artean interes kontrajarriak daude, eta komenigarria da Euskal Selekzioako entrenatzaileak klubetako jokalarien egoera erreala ezagutzea, eta horretarako kluben egoeraren egunerakotasuna ondo ezagutzen duten laguntzaileak behar ditu. Garaian Realekoak eta Athleticekoak ziren; egun beste hainbat taldeetakoak ere beharko lirateke, Eibarrekoak, Osasunakoak, Alavesekoak

Ze urrats  eman beharko lirateke emakumezkoen Euskal Selekzioa aurrera egiteko?

Nik ikuspegi tekniko batetik hitzegin dezaket. 2017az geroztik ez da partidarik izan eta garbi dago urtean bizpahiru partida jokatu beharko liratekeela gutxienez. Imaginatzen dut jokatzen ez bada,  zailtasun handiak egongo direlako izango dela, baina komenigarria litzateke.

Ze zailtasun? Ekonomikoak?

Ekonomikoak, baina ez ekonomikoak bakarrik, aurkaria topatzea ere ez da erraza, ez behintzat maila handiko taldeak. Gurea  ez da selekzio ofiziala eta ondorioz gure aurka jokatzen duenak lehia horretan irudi aldetik irabazteko ez du ezer eta galduz gero kaltea bai.

Nola ikusten duzu gure selekzioaren jarduna,  gurea bezalakoak diren herriekin konparatuz, adibibidez Kataluniarekin?

Ez nago oso jantzia beste lekutan egiten denaz. Baina zerbait esateko, eta ustea besterik ez dela azpimarratuz, esango nuke beste lekuekin alderatuz aintzindari garela kontu honetan, eurak baino aurreratuago gaudela.

IRITZIA/ELKARRIZKETAK