ERRUGBIA/EBRC

II. Euskal Errugbi Liga atzeratu dute

2020/07/16

Argazkia: @hernanirugby

II. Euskal Errugbi Liga / Euro Basque Rugby Challenge atzeratu dute

Euskal Errugbi Liga / Euro Basque Rugby Challenge txapelketako antolakuntza batzordeak erabaki du lehiaketaren bigarren edizioa 2021eko abuztura atzeratzea, gaur egun bizi den covid-19aren pandemia egoera dela eta.

Akitania Berriko, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako errugbi taldeen egoera eta errugbi lehiaketei normaltasunez ekiteko epe motzeko aurreikuspenak aztertu ondoren, antolakuntza batzordea osatzen duten hiru federazioek erabaki dute Euro Basque Rugby Challenge txapelketaren bigarren edizioaren antolaketa –abuztuan eta irailean ospatzekoa zen– 2021eko abuztura atzeratzea, lehiaketa bultzatzen duten erakundeekin bat etorriz.

Urtarrilean aurkeztu zuten bigarren edizioa. Orduan esandakoarekin, orain 2021. urtean jokatuta, parte hartuko dute Bidasoaren bi aldeetako errugbi talde esanguratsuenek, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan, 2019an hasitako txapelketari jarraipena emanez.

Antolakuntzak eskerrak eman dizkiete Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen eta Lakuako Gobernuaren aldetik une oro jaso duten babesagatik. «Laguntza horri esker, mugaz gaindiko errugbi proiektu bat eraikitzen jarraitu ahal izango dugu», adierazi dute.

Lehen edizioko irabazlea Baionako Aviron izan zen, 2019ko irailean Biarritz Olympique taldeari irabazi eta gero. Edizio hura ere gora beheratsua izan zen, Miarritzeko G-7 gailurraren ondorioz hiru partida bertan behera gelditu zirelako. Oraingoan, Covid19aren eraginez atzeratu egin behar izan da, baina esan daiteke Euskal Errugbi Liga errealitate bat dela eta finkatuta dagoela Euskal Herriko errubgi egutegian.