EUSKAL PILOTA

Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Galeano ahizpak, finalera

by | 2020/06/23

Galeano ahizpek eta Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendik jokatuko dute Emakume Master Cup-eko pilota goxoko finala

 

Hiru hilabete eta erdiko etenaldiaren ostean, pasa den igande eguerdian Elgoibarko Ikastolako pilotalekuan, binakako Laboral Kutxa Emakume Master CUPeko pilota goxoko finalerdiak jokatu ziren.

Legeak baimendutako 163 ikusleen edukiera bete egin da eta osasun neurri guztiak zorrotz errespetatu dira: harmailetan segurtasun-tartea gorde da, sartzeko orduan, tenperatura hartu diotelarik mundu osoari, eta maskara jantzita eskuak garbitu behar izan dituzte gel hidroalkoholikoarekin.

Lehen finalerdian, Nagore eta Leire Galeanok 18-16 irabazi diote Ruiz de Infante-Jaka bikoteari. Lehia oso parekatua izan da, orotara zazpi berdinketa eman direlarik (azkena hamabosnakoa) partidan zehar baina azken txanpan Galeano ahizpek gehiago asmatu eta garaipena eskuratu zuten.

Nagore eta Leire Galeano ahizpak, 15 eta 13 urterekin txapelketako gazteenak izaki,  lehiaketako ezustekoa direla baieztatu dute, izan ere, txapelketako eskaileran behe-behetik ekin behar izan zioten eta, sei partida irabazita, goraino heltzea lortu dute.

Bigarren finalerdian ordea, Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik oso erraz irabazi zieten Irantzu Etxebesteri eta Ane Urkizuri, amaierako markagailuak 3-18ko emaitza argigarrria erakutsi zuelarik.

Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik askoz eskarmentu gehiago dute pilota munduan eta partida hasi eta buka erabat nagusi izan dira.

Beraz, dagoeneko erabakita daude Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako finalak: Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi, eta Leire eta Ainhoa Galeano ahizpak arituko dira pilota gozokoan; eta, Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai eta Leire Garai-Olatz Ruiz de Larramendi pilota mistokoan.

Bi finalak datorren igandean, ekainak 28, lehiatuko dira Irungo Urantzu pilotalekuan, eta ETB1k zuzenean emango du jaialdiaren berri.

Aurtengo Txapelketa

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu jarraitzen du eta aurten ia ehun pilotarik, zehatz esanda 94k, –47 bikotek– hartu dute parte Binakako txapelketan.

2020ko Binakakoa bi kategoriatan jokatu da: ohiko pilota goxoakoak jarraitzen du jarraitzailerik gehien izaten, (35 bikote izango dira, 70 pilotari), eta geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen ari den pilota mistokoan 12 bikote aritu dira lehen ekitaldi honetan.