EUSKAL PILOTA

Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi eskuz binakako Masterraren txapeldunak

2021/04/05

Ofizioa eta eskarmentua bai, baina euren kirol ibilbidean aurrera pausoak emateko ere gaitasun ikaragarria eta ilusioa erakutsi dituzte Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik, Irunen jokatutako finalean Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirreri 22-15 irabazita, ESKUZ BINAKAKO MASTER LABORAL KUTXA 2021eko txapelak jantzita.

Ume-umetatik pilotan zailduak, irabazteko grina eta ilusiorik ez dute galdu Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik eta euren palmaresa gizentzen jarraitzen dute, sekulako lehiakortasuna dutela erakutsiz. Iaz, pilotaleku berean, pilota goxoarekin txapeldun izan ziren nafarrak eta aurten mistoarekin ere bikain moldatzen direla berretsi dute.

Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek euren aldetik, munduko dohain eta denbora guztia dute aurretik eta gaurkoak ikasteko balioko die. Gernikakoak Binakako txapela jantzi ezinda jarraitzen du, baina saiatuaren saiatuaz helduko zaio honi ere garaipenaz gozatzeko unea.

Azkenerako gazteek amore eman eta markagailuan 7 tantotako aldea egon bada ere, txapelketan zehar egon ez den lehiakortasuna eta emozioa izan ditu gaurko finalak. Lehiaketako bi bikoterik onenak batu ditu finalak eta hutsak ere askotxo izan badira ere, argi geratu da hori gaurko partidan.

Batez ere partidako lehen zatian, markagailuan berdinketa ugari izan dira eta Arrizabalaga-Agirrek ere izan dituzte euren uneak. Gernikarrak erasoan asmatu duen tarte bat baliatuta, saketik ere mina egin du, 9-13 aurreratu dira bizkaitarra eta gipuzkoarra. Partidako une askotan jokoan ere gehiago izan dira, baina akatsak ere gehiago batu dituzte eta detaile txikietan joan zaie finala. Ezin esan partida txarra jokatu dutenik, baina nafarren lehiakortasuna nagusitu da eta azkenean hauek jantzi dute txapela 22-15 irabazita.

Hirugarren posturako lehian, Leire Garaik eta Oihana Orbegozok partida borobila jokatu dute eta podiumeko hirugarren koskara igotzea lortu dute Irantzu Etxebeste eta Olatz Ruiz de Larramendiri 18-10 irabazi ostean. Gorriak 2-0 aurreratu badira ere, partida erabat urdina izan da. Finalerdian ez bezala, aurrelari gasteiztarra ausart eta eraginkor aritu da, jokoan asko sartuz eta keinuak eginez aurkariak deseroso sentiaraziz. Atzean ere, Olatz Ruiz de Larramendik ez du espero zen nagusitasunik izan eta gutxitan erakutsi ahal izan dio bizkarra sendo aritu den Orbegozori.