HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Herri kirol txapelketen bigarren jardunaldia, larunbatean Larraulen

by | 2020/07/02

Argazkiak: egursport.com

Herri kirol denboraldi ez-ohiko honetan, Egur Sportek antolatutako txapelketek bidea ireki dute, izan ere, Urrezko banakako aizkolari txapelketa, Hiru hamarreko harrijasotze txapelketa eta Emakumezkoen harrijasotze txapelketa ekainaren 27an hasi ziren.

Lehenengo jardunaldi horretan, Jon Rekondo leitzarrak erraz irabazi zion Arraiarango Iñaki Azurmendiri, eta orain Iker Vicenteren aurka lehiatuko da finalaurrekoan.

Hiru hamarreko harri-jasotze txapelketan, Urdax Magunazelaia eta Mikel Lopetegi “Urra” lehiatu ziren elkarren aurka, biek 44na altxaldi egin zituztelarik.

Emakumezkoen harri-jasotze txapelketaren baitan, Udane Ostolaza gazte oriotarra bikain aritu zen 50 kiloko harriekin, guztira 36 altxaldi eginda.

Larunbat honetan berriz, uztailaren 4an, bigarren jardunaldia lehiatuko da Larraulen eguerdiko 12:00etan hasita. Urrezko banakako aizkolari txapelketaren final-laurdena jokatuko da batetik, baita Hiru hamarreko gizonezkoen harri-jasotzaile txapelketa zein emakumezkoena ere.

UZTAILAK 4, LARRAUL

Urrezko banakako aizkolari txapelketaren final laurdena:
Ugaitz MUGERTZA II eta Ruben SARALEGI

Hiru hamarreko harri-jasotzaile txapelketa:
Xabi PEÑA  eta Jokin EIZMENDI*

*Beñat Telleria min hartuta dagoenez, Eizmendi izango da Larraulen

Emakumezkoen harri-jasotzaile txapelketa:
Karmele Gisasola “ZELAI III”

XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa “Eusko Label Saria”:

Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika. Egin beharreko lana, sei enbor ebakitzea hiru modalitate hauetan: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba.

Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa:

Sei harri-jasotzailek parte hartuko dute lehenengo edizioan: Xabier Peña, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Imanol Albizu ‘Goikoetxe’, Beñat Telleria, Inhar Urruzuno eta Urdax Magunazelaia. Txapelketa hiru harri ezberdinekin jokatuko da bi minutuko denboran, zilindro zaharra, kubikoa eta bola, hain zuzen ere, guztiak 125 kilokoak (berez 10 arroba direnak, hortik baitator “Hiru hamarreko” izendapena).

Emakumezkoen Harrijasotze Txapelketa “Kirolbet Saria”:

Parte hartuko duten harri-jasotzaileak honakoak izango dira: Virginia Finol eta Karmele Gisasola (63 kiloko harri zilindriko, kubiko eta esferikoarekin arituko dira) eta Udane Ostolaza, 50 kiloko harri berdinekin arituko dena.