EUSKAL PILOTA

Goikoetxeak eta Barrenetxeak bigarren garaipena lortu dute

2021/12/06

Argazkiak: oriamendi2010

Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak 40-25 irabazi zieten Segurola eta Larrañagari pasa den larunbatean, Binakako Txapelketako jardunaldi berri batean. Garaipen honekin gorriek bi garaipen dituzte, eta bederatzi punturekin finalerdietarako sailkapena gertu dute. Galtzaileek puntu bat kendu zuten sailkapenean eta orain zero puntu dituzte bi partidatan.

Barrenetxea jaun eta jabe izan zen eta 24 tanto egin zituen guztira. Joko askorekin dago. Saketik bederatzi tanto egin zituen eta piloteoan 15, piloteoan hiru huts egin zituelarik eta bi falta saketik. Goikoetxeak gero eta hobeto jokatu zuen, hamaika tanto eta bost akats egin zituelarik. Ausartu egin zen, eta lau tanto egin zituen bi pareteko jokaldiarekin.

Urdinetan Segurolak zortzi tanto eta bi hutsegite egin zituen, eta Larrañagak bere aldetik sakez tantoa egin zuen eta sei piloteoan. Une oro gaindituta egon ziren.

Markagailuak Galarretako kantxan ikusitakoa islatu zuen. 3-1ekotik 8-3, 14-7, 20-12, 26-16, 30-20, 33-23 eta 36-25era pasa zen partidua. Bazirudien urdinek puntu bat gehiago lor zezaketela eta ez zirela bat gutxiagoan geratuko, baina ez zen horrela izan. Azken tantoak, Barrenetxearen sake bat, atzelari hernaniarraren errebote bat eta Goikoetxearen bi pareta izan ziren.

Dagoeneko sei jardunaldi jokatu ostean, sailkapen nagusia honela dago:

Ansa II.a-Martirena  12 puntu

Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a  9 puntu

Urriza- Labaka  4 puntu

Segurola-Larrañaga  1 puntu

Juanenea-Aizpuru III.a  0 puntu

Jaialdiko beste protagonista nagusietako bat Susperregi izan zen, Labakarekin batera 25-35 irabazi baitzuen Urrutia II.a-Odeiren aurka. Oiartzuarrak profesional mailako lehen partida jokatu eta irabazi zuen. Modu onak eskaini zituen, pilotakada azkarrak eman zituen eta gustura aritu zen bere debutean. Lasai ikusi zitzaion, oso ondo jokatzen. Galarretako ekitaldia itxi zuen hirugarren partidan berriz, Ansa II.a eta Zubirik 40-36 irabazi zieten Urriza eta Zalduari.